'Marea laranja'k elkartasunez bustiko du berriro Durango

Anboto 2015eko ekainaren 4a

Martxoan egindako jaialdiko irudia.

Haur minbiziaren kontra eta ikerketa laguntzearen alde, ehunka lagunek parte hartu zuten martxoaren 15ean Marea laranjarem ekitaldietan, eta 35.000 euro batu zituzten Gurutzetako ikerketa bi finantzatzeko. Bada, asteburu honetan ere elkartasunez bustiko du Durango Marea laranjak. Padel txapelketa hasiko da, barikuan, Arripausuetan, eta, zapatuan, kontzertua eskainiko dute Plateruenean.


Marlen Aranguren eta Susana del Amo gurasoak izan ziren mugimenduaren sustatzaileak, minbizia duten umeen gurasoek osatzen duten La Cuadri del Hospi elkarteak babestuta. Del Amok azaldu du Zebel rock taldekoek eduki zutela kontzertua antolatzeko ideia, eta begi onez ikusi zutela, hirugarren ikerketa bat diruz estaltzeko gutxi falta delako. Zebel, Hora 13 eta Guda Dantza taldeek joko dute 21:00etatik aurrera. 8 euroko sarreratik lortutako dirua erradioterapiak sortzen dituen eragin psikologikoak aztertzeko erabiliko dute.

Gainera, hezur-muin emaile izateko informazioa emango dute. Del Amoren arabera, martxoaren 15etik hona emaile ugari agertu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!