Orain astebete Tabiran lortutako garaipena (2-1) ez zen abantaila nahiko izan Galizian kanporaketari eusteko. Edozelan ere, partiduko zatirik handienean markagailuan atzetik joan arren, Durangoko Kulturalak azken segundora arte aurrera egiteko aukerak izan zituen eta estu hartu zuen Coruñako Deportivo B. Horrekin geratu beharko dute zaleek, taldeak erakutsitako lehiakortasunagaz.
Deportivo B 25 minutuan aurreratu zen markagailuan Remeseirok takoiagaz sartutako gol bati esker. Hortik aurrera Kulturalak gora egin zuen, baina azken metroetan ez zuten asmatu. Partiduko azken minutuak zoramena izan ziren. Luzapenean Mallagaraik maisuki jaurtitako falta batek bete-betean langeta jo zuen. Hurrengo jokaldian, 94. minutuan, Deportivo Bk bigarren gola sartu zuen kontraerasoan. Kolpe gogorra izanagatik Kulturalak ez zuen etsi. Gol bat nahikoa zen luzapena behartzeko eta izan zuen horretarako aukera bat; Adrian Abasolok area barruan pase luze bat errematatu eta atezainak geldiketa bikaina egin zuen. Horrela amaitu zen partidua eta igoera fasea Kulturalarentzat. Beste batean beharko du.