Kulturalak nahikoa du berdinketa A Coruñan kanporaketa gainditzeko

Anboto 2015eko maiatzaren 29a

Durangoko Kulturalak igoera faseko itzuliko partidua jokatuko du domekan, 17:00etan, A Coruñan. Gol bateko abantailagaz doa Galiziara. Joan zen asteburuan, 2-1 nagusitu zitzaion Tabiran A Coruñako Deportivo B taldeari.


Beraz, edozein berdinketa nahikoa du aurrera egiteko. Baina etxean gol bat jaso izana ere arriskutsua izan daiteke, kanpoko golek balio bikoitza dutelako. Galiziarrek 1-0 irabaztea nahikoa litzateke Kulturala kanporatzeko. Beraz, tentu handiz jokatu beharreko partidua izango da. Gol bat sartzea kanporaketa erdia poltsikoan izatea litzateke, baina ez dago itsu-itsuan aurrera joaterik.

Pasada den domekan, partidu ona jokatu zuten talde biek, eta baloia hanketan dutela jokaldiak kalitatez antolatzeko trebezia erakutsi zuten. Lehenengo zatian, Adrian Abasoloren golak abantaila eman zion Kulturalari, Adrian Mallagarayk ateratako korner bat errematatu ostean. Neguko merkatuan Kulturalera etorri zenetik sartu duen zortzigarren gola izan zen. Ondoren, bigarren gola sartzeko aukera paregabea izan zuten penalti bati esker, baina Mallagarayren jaurtiketa atezainak geratu zuen.

Bigarren zatian, Deportivo B-k aurrera egin, eta berdinketa lortu zuen. Ondoren, Galiziako taldea hamar jokalarigaz geratu zen. Kulturalak aurrera egin zuen, eta 63. minutuan Ekaitz Molinak bigarren gola sartu zuen taldean egindako jokaldi on baten ostean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!