Abasolo eta Molinaren golek abantaila eman die Kulturalari

Anboto 2015ko mai. 25a, 11:39

Durangoko Kulturalak 2-1 irabazi dio Coruñako Deportivo Bri play offetako joaneko partiduan. Adrian Abasolo eta Ekaitz Molina izan ziren goletzaileak Tabiran jokatutako partiduan.

Kanporaketa zabalik dago eta asteburuan Galizian jokatuko den itzuliko partiduan erabakiko da zein taldek egiten duen aurrera. Kulturala gol bateko abantailagaz joango da, etxean garaipena lortu ostean. Domekan partidu ona jokatu zuten talde biek eta baloia hanketan dutela jokaldiak kalitatez antolatzeko trebezia erakutsi zuten. Lehen zatian Adrian Abasoloren golak abantaila eman zion Kulturalari. Mallagarayk ateratako ondoko sake bat bigarren zutoinera heldu zen eta han adi zegoen Abasolo baloia aterako bidean jartzeko. Neguko merkatuan Kulturalera etorri zenetik sartu duen zortzigarren gola izan zen. Ondoren, bigarren gola sartzeko aukera paregabe izan zuen Kulturalak Molinari egindako penalti bati esker, baina Mallagarayren jaurtiketa atezainak geratu zuen.

Bigarren zatian Deportivo Bk aurrera egin zuen eta Remeseirok area ertzetik egindako jaurtiketa batek berdinketa jarri zuen markagailuan. Ondoren, Galiziako taldea hamar jokalarigaz geratu zen epaileak Adrian egotzi zuelako. Kulturalak aurrera egin zuen eta bigarrena sartzeko aukerak izan zituen. 63. minutuan, taldeko jokaldi on baten ostean Ekaitz Molinak Kulturalari abantaila ematen dion gola sartu zuen. Handik aurrera talde biek ontzat eman zuten emaitza eta markagailu horrekin amaitu zen partidua.

Itzuliko partidua datorren domekan, 17:00etan, jokatuko du Coruñan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!