Haurren minbiziaren aurkako Padel txapelketa solidarioa antolatu dute Durangon

Anboto 2015ko mai. 21a, 09:00

FP Durango Padel klubak antolatu du txapelketa "Marea Naranja"ren alde. Bertan batutako dirua haurren minbiziaren ikerketara bideratuko da.

Ekainaren 5ean emango zaio hasiera txapelketa honi, eta partidu guztiak Durangoko Arripausueta kirol instalazioetan jokatuko dira. Lau bikotez osatutako ligaxkak izango dira aurrena, beraz, bi partidu jokatzeko bermea izango dute partehartzaileek.

18 urtetik gorako edozeinek hartu dezake parte, eta bi kategoria bereiziko dira: emakumezkoena eta gizonezkoena. Ezin izango dute 32 bikotek baino gehiagok parte hartu.

Izena emateko epea maiatzaren 28an, 29an, ekainaren 1ean, 2an eta 3an izango da, Abadiñoko Eroskiko saltoki-gunean, 19:00etatik 21:00etara. Izen ematea pertsonako hamabi euro izango da gutxienez, eta hortik aurrera bakoitzak nahi duena.

Iaz ere antolatu zuten honen antzeko txapelketa bat, eta kasu hartan, Durangaldeko bailarako baliabide urriak zituztenentzat bideratu zen bildutako dirua, Gurutze Gorriaren bitartez. 1660 bat euro lortu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!