Tabirako Baquéko gizonak Bigarren Nazional mailara igo dira

Anboto 2015ko mai. 19a, 17:02

Igoeragaz gizonen talde nagusi biak elkarren segidako mailetan egongo dira.

Tabirako Baqué gizonen bigarren taldeak igoera lortu du. Bizkaitik Euskadi mailarako saltoa emanda, Bigarren Nazional mailan jokatuko du hurrengo denboraldian, talde nagusiak baino maila bat beherago, hain justu.

Igoera inportantea da jokalarien trebakuntzar begira, batez ere, gazteentzat. Aurten taldeko entrenatzailea izan den Xabi Ortuosteren esanetan, “Bizkaia mailan benetako bost-sei partidu gogor izaten dira denboraldian, baina Euskadi mailan beste kontu bat da, maila handiagoa dago”. Beraz, junior taldetik datozen jokalariek —zuzenean lehen taldera ez doazenak— maila handiagoko taldeen kontra jokatuko dute hurrengo denboraldian, ofizioa ikasteko aukera egokiagoak izango dituzte eta hori ona da harrobitik bizi den klub batentzat.

Tabirako Baquék goian ibiltzea izan du helburu.Taldearen aurtengo indarra beteraniaren eta gaztetasunaren arteko orekan egon da Ortuosteren ustez: "Alde batetik jokalari gazteak ditugu, junior taldetik etorritakoak. Beste aldetik, aurreko urteetatik hona sendotu den bizkarrezurra genuen eta  jokalari beterano batzuen esperientzia ere ekarri dugu. Denboraldi hasieran ikusten genuen goian ibiltzeko taldea izan genezakeela".

Sestaoko Las Llanas kiroldegian jokatutako Lauko Finalean lortu zuen igoera talde durangarrak. Agustinos talde 60-53 menderatu ostean, Leioaren kontrako finala puntu batengatik irabazi zuen: 70-69. Segundo biren faltan, Leioaren jaurtiketa saiakera ez zen uztaira heldu Tabirakoren defentsa lan onari esker.

Kadeteak Espainiakoan

Bestalde, Bizkaiko Kopa irabazi ostean, Tabirakoko nesken kadete taldeak Espainiako txapelketa jokatuko du maiatzaren 24tik 30era Leonen. Ourense, Leon eta Kantabriako taldeak egokitu zaizkie ligaxkako multzoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!