Azken lau partiduak irabazi ostean, Kulturalak bere esku du playoffetarako sailkapena gaur

Anboto 2015eko maiatzaren 16a

Azken lau partiduak segidan irabazi ostean, Durangoko Kulturala egoera ezin hobean heldu da Hirugarren Mailako azken jardunaldira: laugarren postuan kokatuta, ez dago beste emaitzen menpe. Gaur, 18:00etan, etxean Portugalete menperatzen badu, Bigarren B Mailara igotzeko playoffetara sailkatuko da.


Portugalete Hirugarren Mailako liderra da, eta inork ez dio postu hori kenduko. Beraz, gaur ez du ezer jokoan. Hala ere, Imanol de la Sota Kulturaleko entrenatzailea ez da fidatzen: “Beharbada, normalean jokatzen ez duten jokalari batzuek jokatuko dute, baina, talde oso ona dutenez, denak dira arriskutsuak; baina gu Tabiran nahiko indartsuak gara, eta munduko ilusio guztia dugu”. Gainera, partidu erabakigarri horri begira ez du bajarik.

Tabiran partiduaren garrantziaren adinako giroa espero du Imanol de la Sotak. Zaleen hauspoa inoiz baino beharrezkoago dute: “Denen laguntza behar dugu. Taldeak lan handia egin du, eta konpromiso maila ezin hobea erakutsi du. Gainera, etxeko jokalariak dira ia denak”.

Beasain bosgarren tokian dago, Kulturalagaz puntuetara berdinduta; Zalla puntu bat atzetik dute durangarrek, seigarren postuan. Berdinketa gertatuko balitz, Kulturalak Beasainek baino gol alde hobea du. Zallagaz, aldiz, denean berdinduta dago; bai elkarren kontrako emaitzetan, bai gol diferentzian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!