1990eko hamarkada amaieran joan zinen Hego Amerikara. Zein zen zure hasierako plana?
Nire plana lehenengo Mexiko ezagutzea zen; garai horretan Chiapas nahiko modan zegoen, eta hainbat lagun eta ezagun nituen han. Argentinan bizi izan zen lagun bategaz hitz egin ondoren, Argentinara joatea erabaki nuen herrialdea ezagutzera.
Hainbat herrialde ezagutu eta gero, El Chalten herrian geratzea erabaki zenuen.
Argentina ezagutu nuenean, turismoan lan egiten hasi nintzen, eta bertan ateratako diruagaz Peru, Ekuador, Bolivia eta Kolonbia ezagutu ahal izan nituen. Gero, berriz ere Argentinara bueltatu nintzen, eta urte batzuk pasatu nituen bertan, turismoaren munduan lan egiten.
Patagonian Ana ezagutu zenuen, eta, ondoren, Zeelanda Berrira bidaiatu zenuten, ingelesa ikastera.
Orain nire emaztea den Ana ezagutu nuen. Ondoren, Zeelanda Berrira joan ginen ingelesa ikastera, bertan, Patagonian, ia turista guztiak europarrak edo estatubatuarrak direlako, eta ingelesa jakitea ezinbestekoa delako. Azkenean, hiru urtez geratu ginen han: hasieran, txokolategi batean egin genuen lan; eta, ondoren, ingelesa ikasi nuenean, glaziarretara joan nintzen, turismoan lan egitera.
Thailandiara eginiko bidaia batean Durangora bizikletan bueltatzea okurritu zitzaizun.
Zeelanda Berritik nahiko hurbil geratzen zitzaizkigun bidaiak egin genituen: Samoa, Thailandia… Thailandian oporretan geundela, Durangora bizikletaz itzultzea otu zitzaidan, eta Anari proposatu nion. Anak ez zekien zer zen bizikletan bidaia bat egitea, ez zuelako horrelakorik sekula egin, baina bi aldiz pentsatu gabe baietz esan zidan. Shanghaira hegaldi bat hartu genuen, eta han hasi ginen pedalei eragiten, Durangoraino.
Shanghain hasi zenuten bueltako bidaia. Nola planteatu zenituzten etapak?
Hasierako plana Mongoliara pasatu, eta Mongoliatik Errusiara joatea zen; baina Errusian esan ziguten bakoitzak bere herrialdean egin behar zuela bisa, eta, horregatik, bidaia plana aldatu egin genuen. Txina, Kirgizistan, Uzbekistan, Iran, Armenia, Georgia eta Turkia igaro, Europara sartu, eta Euskal Herrira heldu ginen.
16.000 kilometro inguru dira herrialde batetik bestera egin zenituztenak; zenbat denbora behar izan zenuten ibilbidea egiteko?
Hamaika hilabete behar izan genituen. Egunero ez ginen ibiltzen bizikletan, baina, azken finean, presiopean zaude bisak direla-eta. Herrialde batzuetan bost egun besterik ez dizkizute uzten herrialdea zeharkatzeko, eta 600 kilometro egin behar dituzu herrialdetik irteteko. Horregatik, 100 kilometro baino gehiago egitera behartuta geunden egunero.
Hamahiru urtez bidaiatzen ibiltzeko diru asko beharko da, ezta?
Bai. Herrialdeetako bisak lortzeko soilik diru asko ordaindu behar izaten da, eta askotan poliziari ere ordaindu behar izaten zaio.