Ohorezko mailara bueltatzeko helburuz ariko da Ibaizabal, Landakoko pistan, zapatuan

Anboto 2015ko mai. 7a, 13:07

Espainiako Kluben arteko Lehen Mailako atletismo txapelketaren barruko probak jokatuko dituzte, zapatuan, Durangon. Durangoko Bidezabal taldeko 35 kide, eta Bidasoako, Oviedoko eta Gijongo taldeetako atletak ariko dira, 17:00etatik aurrera, Landakoko pistan, lehian.

Durangoko udaletxean aurkeztu dute gaur, Durangora maila goreneko atletak ekarriko dituen zapatuko ekitaldia.

Juan Ignacio Hernandez Bidezabal taldeko presidenteak azaldu duenez, “iaz galdutako mailara, ohorezko mailara, bueltatzeko ahalegina egingo dugu; espero dugu txapelketako lehenengo kanporaketa etxean jokatzea abantaila izatea, eta durangarren animoek atletak laguntzea”. 35 atleta jardugo dira Ibaizabalen taldean —erdia inguru Durangaldekoak.

Probak ikustera doazenek programa olinpiko guztia ikusteko aukera izango dute, 17:00etatik aurrera: martxa, pertiga, jabalina, erreleboak, edota jauzi probak, adibidez.  

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Oskar Zarrabeitia Durangoko Amankomunazgoko presidenteak, “txapelketa hau antolatzen eta urte guztian zehar egiten duen lana eskertu diote Ibaizabal taldeari”.

Ziarrusta memoriala, ekainean
Ekainaren 21ean, Durangon, Juanjo Ziarrusta alkatearen oroimenezko I. Atletismo proba egingo dela ere aurreratu dute agerraldi horretan. Hernandezen berbetan, oraindik proba zelakoa izango den ez dute zehaztu, baina maila handiko atletak gonbidatzeko asmoa daukate. "Atletismoa maite dutenek bere laguntasuna eskertu" gura diote duela zazpi urte, alkate zela, hil zen Ziarrustari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!