Asteburuko lehenengoa Villasana de Menan izan zen. Lasterketa, Dorleta Eskamendiren eraso goiztiar batekin hasi zen. Erasoarekin batera Merinoren eta Elbustoren erantzunak etorri ziren, hiru txirrindulariko ihesaldia osatuz. Behin ihesaldia osatuta zegoela, durangarrak El Carel portuko bi igoerak lehenengo postuan koroatzea lortu zuen, honela, Espainiako Kopako mendiko lidertza eskuratuz. 35 kilometroren faltan tropelak ihesaldia neutralizatu zuen eta hor hasi zen Bizkaia-Durangoren lan gogorra. Lointek taldekoek hainbat eraso jo zituzten baina durangarrek ondo erantzun zuten tropelaren buruan lan txukuna eginez. Lasterketa guztian lan txukuna egin ondoren Bizkaia-Durangokoei lasterketa irabaztea besterik ez zitzaien falta eta hala egin zuten, Yulia Ilinykh izan zen garailea, Calderonen eta bere taldekide Lourdes Oyarbideren aurretik. Lourdes Oyarbideren elite mailako hirugarren postuak eta 23 urtez azpiko lehen postuak, lidertzan beste astebete egotea ahalbidetzen dio. Emaitza hauekin, lasterketaren garaipena, elite eta 23 urtez azpiko mailan, mendiko mailota eta taldekako garaipena lortu zuten durangarrek.
Beste behin Ilinykh garaile
Villarcayon izan zen asteburuko bigarren lasterketa. Villarcayoko lasterketan ere lehenengo ihesaldian, Bizkaia-Durangok taldekide bat sartu zuen, lehenengo urteko Coral Casado, Elbusto eta Teruelekin batera. Hirukote hau harrapatu ondoren, Lointek taldeko Merino izan da hurrengoa mugitzen, baina Lourdes Oyarbideren, Lierni Lekuonaren, Dorleta Eskamendiren eta Yulia Ilinykhen lan onak bi kilometroren faltan harrapatu zuten Merino. Behin tropela bat eginda, hainbat eraso eman ziren, baina Dorleta Eskamendiren tropelburuko lanak ez zuen ihesaldirik sortzen utzi. Azkenean Ilinykhentzat izan zen beste behin garaipena.