Durangoko Udalak Mediterraneoan hildakoen senitartekoei elkartasuna adierazi die

Anboto 2015ko mai. 4a, 09:46

EAJk, PSE-EEk eta PPk sinatu dute 700 etorkin zeramatzan ontzia Mediterraneoan hondoratzearen gaineko adierazpena. EH Bilduk beste adierazpen bat aurkeztu du "heriotza hauek Europar Batasunak Afrikan dituen politiken ondorio" direla azpimarratuz.

 

Durangoko PSE-EEk Mediterraneoan gertatutako heriotzen inguruko adierazpena proposatu du udalean. EAJk, PSE-EEK, PPk babestu dute ekimena. Dokumentuak dioenez, "Mediterraneoan gertaturiko etorkinen heriotzak gertaera jasanezina dira askatasuneko Europarentzat". Testuan gogoratzen dute 2013an, Italiako Lanpedusa uhartean 300 etorkin hondoratu eta gero, Europar Batasuneko agintariek "konpromisoa" hartu zutela irtenbide bat bilatzeko. Hala ere, 2014an 3.000 etorkin baino gehiago hil zirela Europara iritsi nahian azaldu dute. "Eta orain beste tragedia bat daukagu, 700 hildako baino gehiago ekarri dituena".

Durangoko Udalak onartutako adierazpenak dioenez, "herritarrok, gizarte entitateek eta erakundeek ahotsa altxatu eta migrazio arloko politika bateratua eskatu behar dugu Europar Batasun osorako". Gaineratu dutenez, "tragedia hauek erakusten digute behar beharrezkoa dela inmigrazioaren kudeaketa sustatzeka Europako lurraldeetara lan egitera etorri nahi duten pertsonen itxaropenak era positiboan bideratzeko". Era berean, adierazpenak jasotzen duenez, Durangoko Udalak "elkartasuna" adierazten die Lanpedusa inguruan hildakoen senitartekoei. Bestalde, gobernuei asilo arloko benetako politika bat bultzatu dezatela eskatzen diete. Espainiako gobernuari, zehazki, eskatzen diote inmigrazio arloko politika bateratua abiarazteko "lidergoa" hartu dezala.

 

EH Bilduren adierazpena

Durangoko EH Bilduk (Bildu eta Aralar) azaldu duenez, udalak onartutako adierazpen instituzionalagaz ez datoz bat. Argitu dutenez, "Europar Batasunak Afrikara begira martxan jarritako politiken ondorio" dira heriotza hauek, eta testuan, ildo horretatik, EBren erantzukizuna agertzea gura izan dutela diote. PSE-EEk "ekarpenak aintzat ez hartu gura izatea" kritikatu du EH Bilduk. Bilktimekin elkartasuna adieraztea "arazoaren sorburura joan gabe" ez dela nahikoa dio EH Bilduk. Bildu eta Aralarrek kaleratutako testuak dioenez, "Europar Batasunaren politikek Afrikan eta Ekialde Ertainean, tokian tokiko herritarrak babesteko aitzakian, arazoak sortu edo larritu besterik ez dituzte egin,eta pertsona askoren desplazamendua eragiten dute. Ondoren, pertsona hauek asiloa eskatzen dute eta EBko nazioarteko akordioen babesean egon beharko lirateke. Baina Europak ateak ixten dizkie eta emigrazio desesperatu eta prekario batera bultzatzen dituzte, kasu askotan, itota etorkin ilegal bezala". Era berean, salbamendurako baliabideak indartzea eta bisatu, asilo eta errefuxiatu politika berriak diseinatzea eskatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!