DRTren errugbi jardunaldietan Rio de Oro elkartearentzako materiala batuko dute

Anboto 2015ko mai. 1a, 09:00

Durango Rugby Taldeak gaztetxoen artean errugbia sustatzeko antolatzen dituen Rugby Tag jardunaldiek bosgarren aldia beteko dute, baina aurtengo aldia berezia izango da. Errugbia eta elkartasuna uztartuko dituzte, eta Río de Oro elkartearentzako material bilketa egingo dute. Elkarte honek Tindufeko kanpalekuetan bizi diren gazte saharaui ezinduak Euskal Herrira ekartzen ditu, uda hemen igaro dezaten.


Durangoko institutuko, Kurutziaga ikastolako, eta Nevers, Jesuitak, San Antonio-Santa Rita eta Zabalarra ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute Rugby Tag jardunaldietan; 9 eta 16 urte arteko
1.000-1.500 ikasle inguru igaroko dira Arripausuetatik, maiatzaren 4an, 7an, 13an, 14an eta 15ean. Egunerokotasunean erabilgarriak diren produktuak ekartzeko eskatuko diete: arropa, higienea zaintzeko produktuak eta nagusientzako pixoihalak, adibidez. Aratz Gallastegi DRTko kideak ekimenaren aurkezpenean azaldu zuenez, “aurten abiatutako elkartasun bidea urtero egitea da asmoa”.

Río de Oro elkarteko Maider Caballero esker oneko agertu zen, eta gazte saharauiei kanpalekuetatik irteteak zer suposatzen dien azaldu zuen: “Han isolaturik daude, ez daukate irteteko modurik, eta urte osoa hemen hartuko dituen familia baten zain egoten dira”. Elkartasun ekimenetik jasotako materiala gazteak hona datozenean erabiliko dute. Baliteke, bueltan doazenean, arropa eta bestelako materiala maletan Tindufera eramatea. Jasotako material kopuruaren arabera erabakiko dute nola kudeatu. Edozelan ere, material guztia gordetzeko zein eurek erabili ahal izateko lokal baten bila dabiltza.

Aurten gazte saharauiak ekartzen dituzten hirugarren aldia izango da; udan hamar gazte ekarriko dituzte, horietako zazpi lehen aldiz. Autogestioan oinarritzen dira, eta dirua batzeko hainbat ekimen egiten dituzte. Maiatzaren 23an, III. Río de Oro Jaialdia egingo dute Iurretan, eta, ekainaren 7an, Arymux taldeagaz batera erakustaldia eskainiko dute Plateruenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!