Porrot “latzaren” aurrean baikortasuna

Anboto 2015ko api. 13a, 12:44

Sevillara egindako bisitan, DRTk galdu egin du Ohorezko Mailarako igoera faseko lehen partidua: 36-0. Hala ere, baikortasun mezua eman du Ines Etxegibel entrenatzaileak: “Etxeko partidu biak heltzeko gogoz gaude. Erronkari aurre egiteko burua prest dugu”.

Igoera Faseko lehen partiduan “porrot latza” jaso du Durango Rugby Taldeak Ines Etxegilen entrenatzailearen esanetan. Ez zuten punturik lortu eta Sevillak bonus puntua ere lortu zuen (guztira, 5 puntu). DRT ondo sartu zen partiduan eta lehenengo 20 minutuetan nagusi izan zen. Baina lehen zatiko azken ordulaurdenean behera egin zuen eta Sevilla puntuak pilatzen hasi zen: “Defentsak ezin izan zituen geratu, edozein espaziotik sartzen hasi ziren. Behera egin genuen eta apur bat galduta ibili ginen”. Bigarrenean ezin izan zuten markagailua irauli. DRTk partiduaren handitasuna nabaritu zuen, errugbiaren maila gorenera igotzeko lehen pausua ematea zegoen jokoan eta ez zuten egoera ondo kudeatu; partiduko gakoetako bat horrelako partiduak jokatzeko duten “esperientzia falta” izan.

Baina egoerari buelta emateko oraindik hiru partidu dituzte aurretik. Gainera, hurrengo biak etxean, Durangoko Arripausuetan, izango dira: lehenengoa apirilaren 26an Sant Cugat taldearen aurka eta, bigarrena, maiatzaren 3an, Cajasol Ciencias Sevillaren kontra: “Gu animatuta gaude eta baikorrak gara. Etxean final bi ditugu eta dagoeneko egun horiek heltzeko gogoz gaude. Erronkari aurre egiteko burua prest dugu. Argi dut talde honek aurrera egingo duela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!