Atletismo, duatloi eta triatloi munduan zabiltza. Nola sartu zinen mundu horretan?
Tiki-txikitatik egin izan dut kirola, asko gustatu izan zait. Adibidez, patinaje artistikoa egin nuen, maila nahiko onean gainera. Baina nekatu egin nintzen kirola egiteaz, eta urte mordoxka eman nuen ezer egin gabe. Gero, tenisean jokatzen hasi nintzen, sasoia berreskuratzeko asmoz. Tenisean hasi aurretik, korrika apur bat egiten nuen berotzeko. Halako batean, mutil batek esan zidan oso ondo egiten nuela korrika, eta ea herri lasterketa batean parte hartzeko gogoa nuen. Baietz erantzun nion, eta milia bateko lasterketa bat egin nuen beragaz. Inoiz ez nuen horrelako lasterketa batean parte hartu, eta hirugarren postuan sailkatu nintzen. Beraz, momentu hartatik aurrera ilusioa piztu zitzaidan, entrenatzen hasi nintzen, eta gaur arte ez naiz gelditu.
Denboraldi honetan Balearretako maratoi erdiko errekorra hautsi duzu. Horren bila zenbiltzan?
Bai; iaz ere horren bila joan nintzen, baina, belauneko lesio txiki bat zela-eta, ezin izan nuen lortu. Beraz, aurtengo denboraldian horretara irten naiz. Banekien lortu nezakeen marka bat zela, baina ez nekien zenbat denboran hobetuko nuen. 10.000 metroko errekorra egina nuen aurrez, eta oso marka ona egin nuen. Balearretako errepideko errekorra ere hautsi nuen; hortaz, ez bazen ezer arrarorik gertatzen, ikusten nuen egin nezakeela.
Distantzia luzeko duatloiko Espainiako txapeldun izan zara orain dela gutxi. Nola bizi izan zenuen momentu hori?
Momentu ederra izan zen. Oso polita. Lasterketa asko gustatu zitzaidan, eta korrika egiteaz disfrutatu egin nuen. Bizikletan ibili beharreko zatian haize gogorra zebilen, eta lasterketa zailtzen zuen hein batean, baina, fisikoki oso ondo sentitzen nintzenez, ez zen oztopo izan niretzat. Nire erritmoa hartu, eta lasterketa guztian oso ondo sentitu nintzen, bukaerara arte. Gainera, helmugan Palmako nire lagunak zeuden, eta hori ere oso hunkigarria izan zen.
Diziplina anitzeko kirolaria zara. Txirrindularitzaren ondorioz, beste kirol mota batzuk uzteko asmoa duzu?
Egia esan, atletismoko klub batean jarraitzen dut, eta aurtengo denboraldirako ditudan konpromisoak betetzeko asmoa daukat: Duatloiko Esprint Estiloko Espainiako Txapelketara joango naiz, eta Europako Distantzia Luzeko Duatloi Txapelketara ere bai. Ez dakit gorputzak erantzungo didan, txirrindularitzako lasterketa asko ditut eta. Baina parte hartzeko helburua, behintzat, badut. Guztia uztartzen saiatuko naiz.
Beste zerbait probatzea izan da, beraz, Durango-Bizkaia txirrindularitza taldeagaz fitxatzea?
Bai, horrelako zerbait. Txirrindularitzarako balio dudan jakiteko asmoz fitxatu dut, orain dela oso gutxi, hiru bat urte, hasi nintzelako txirrindularitzan. Desberdintasun handia dago. Atletismoan oso ondo nabil, baina ziklismoan ere gero eta hobeto; horregatik eduki dut jende guztia animatzeko esaten.
Hainbat lasterketatan ibili zara dagoeneko.
Esaterako, Frantziara joan gara, bertako kopa bat lehiatzera. Aurten gainontzekoen erritmoari eustea espero dut, behintzat. Mallorcan zenbait lasterketa egin izan ditut, baina mutilekin izan dira, eta emakumeen erreferentziarik ez dut izan denboraldia hasi arte.
Duatloietan eta triatloietan dagoen txirrindularitza maila ez da bera izango diziplina honetan.
Bai, badakit. Maila fisikoa dudala badakit, baina ziklismoan hori baino askoz gauza gehiago hartu behar dira kontuan. Atletismoan indartsuenak irabazten du, eta txirrindularitzan ez da horrela. Hemen leku egokia bilatzen jakin behar da, noiz atera behar zaren eta noiz ez. Esperientzia eduki behar da horretan ere, eta nik ez dut. Beraz, ahalegina egingo dut astiro-astiro esperientzia irabazteko eta nola erreakzionatzen dudan jakiteko.
Eta nolatan talde euskaldun bat?
Balearretan ez dago emakumezkoen talderik txirrundularitzan, ez dago emakumezkoena bakarrik den lasterketarik, beti mutilekin lehiatu behar izaten nintzen. Hemen nuen kontaktu batek gestio pare bat egin zizkidan, eta Bizkaia-Durangoren eskaintza iritsi zitzaidan. Beraz, eman didaten aukera hau aprobetxatzea erabaki dut, proba modura. Ziklismorako benetan balio dudala ikusten badut, beharbada honen aldeko apustua egingo dut aurrerantzean. Baina, printzipioz, proba moduan hasiko naiz.
Zeintzuk dira talde honetarako jartzen dituzun helburuak?
Lasterketek aurrera egin ahala hasiko naiz helburuak jartzen. Izan ere, oraindik ez dakit zelako maila emango dudan eta besteekiko non nagoen. Estatu mailan ondo ibiliko naizela esango nuke, baina nazioarte mailan hortzak gehiago estutu beharko ditudala uste dut. Baina beno, ikusiko dugu. Oraingoz apurka-apurka esperientzia irabaztea da helburua.
Zein diziplina duzu gustukoen? Zeinetan sentitzen zara erosoen?
Korrika egitea txikitatik izan da nire zaletasuna, eta inoiz ez diot korrika egiteari utziko. Hala ere, azken urtean bizikletari ere gustu handia hartu diot, taldean oso ondo pasatzen dut, eta hobetzen zabiltzala konturatzen bazara, gehiago gustatzen zaizu.
Egiten duzun horretatik bizitzea posible da?
Ez dakit. Baina nire kasuan ia ezinezkoa ikusten dut, 31 urte ditudalako dagoeneko. Baina inoiz ezin da jakin; momentuz, gustatzen zaidana egiten eta disfrutatzen jarraituko dut.