Beteranoen Espainiako Atletismo Txapelketa asteburuan, Durangon

Anboto 2015ko api. 8a, 10:04

Durangoko pistak Beteranoen Espainiako Atletismo Txapelketa hartuko du asteburuan. Guztira, 400 parte-hartzaile inguru batzea espero dute, aurreko edozein alditan baino gehiago, antolatzaileen esanetan.


Zapatuan goizez eta arratsaldez lehiatuko dira, eta domekan goizez. Batez ere, proba konbinatuko txapelketa izango da: atleta bakoitza hainbat modalitatetan lehiatu beharko da, eta guztietan lortutako emaitzen arteko batez bestekoa izango da dominak erabakiko dituena. Gizonak hamar modalitatetan lehiatuko dira, eta emakumeak zazpitan. Bost jaurtiketa moten (xabalina, esaterako) txapelketa ere jokatuko dute. Konbinatua ez den bakarra 10.000 metroko lasterketarena izango da.

Horrelako txapelketa bat Euskal Herrian antolatzen den lehenengo aldia dela azpimarratu dute antolatzaileek. Durango Kirol Taldeak (DKT) bost partaide izango ditu, tartean Javier Fontaneda getxoztarra. Korrika mundu mailako atleta onenetakoa da, eta, 52 urtegaz, 10.000 metroko proban urrezko domina janztea du helburu. Jaurtiketen txapelketan Juanjo Mendizabal eta Eva Muñoa elorriarrek, eta Jabier Sobera bilbotarrak parte hartuko dute; zazpiko txapelketan Begoña Martinez durangarra ariko da. Denak DKT taldekoak dira. Ikustekoa izango da Valentin Huch katalanaren jarduna ere jaurtiketan; 95 urtegaz bere adineko munduko errekorra apurtzeko asmoz dator.

Etiopiari laguntzeko
Txapelketaren oihartzuna atletismoak munduko txoko askotan duen garrantzia ezagutarazteko baliatu gura dute antolatzaileek. Bide horretatik, Etiopia Utopia fundazioak egindako Town of Runners dokumentala ikusteko aukera egongo da zapatuan, 21:00etan, San Agustin kulturgunean.

Dokumentala Etiopiako Bekoji herrian kokatzen da. Munduko txapeldun asko irten dira handik; Kenesisa Bekele, esaterako. Munduko eremurik pobreenetakoa den horretan, gaztetxoek euren idoloen bidea jarraitzea dute helburu.

Dokumentala ikusteko sarrera doakoa da. Etiopia Utopia fundazioak merchandising postu bat ipiniko du San Agustinen. Batutako dirua Etiopian atletismoa sustatzeko erabiliko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!