Azternen bidez berreraiki daiteke Durangoko bonbardaketa?
Hori oso zaila da. Gu testuingurua azaltzen saiatuko gara. Asmoa da ibilbidean zehar hori azaltzea. Bonbardaketa bat baino gehiago izan ziren. Izan ere, bost egunetako erasoa izan zen. Goizean Kurutziaga hartu zuten abiapuntutzat, eta arratsaldean Antso Estegiz kaletik, hilerritik behera, Zeharkalea eta Bruno Maurizio Zabala hartu zituzten. Ibilbidearen lehenengo zatian, 1937ko martxoaren 31n zentratuko gara. Ondoren, Ezkurdin 1936ko bonbardaketa azalduko dugu. Handik, San Agustinera eta Neversera joango gara. Azken bi gune horietan gerraren ondorioak aztertuko ditugu.
Kurutziagan abiatuko duzue ibilbide gidatua. Zergatik?
Bisita gidatuaren lehenengo zatian, hegazkinek egindako bidea egingo dugu, eta, horregatik, Kurutziagan hasiko dugu ibilbidea. Gipuzkoa aldetik sartu ziren, eta, Andra Mariko kanpandorrea abiapuntu hartuta, bonbardaketa lerroa horixe izan zen. Lehenengo bonbak Kurutziagan bota zituzten. Inguru horretan zegoen kurutzea, eta bonbardaketaren eraginez apurtutako monumentuetako bat izan zen. Gaur egun, kurutzea Kurutzesantu Museoan mantentzen da. Era berean, Garai jauregiaren ondoko fatxadan metrailaren aztarnak ondo ikusten dira. Hortik, Jesuitetako oroimenaren gunea ere ikusiko dugu. Santa Susanatik pasatuko gara, eta hortik Alde Zaharrera sartuko gara. Hainbat kaletan kaltetutako eraikinak ikusiko ditugu.
Durangoko Alde Zaharreko eraikinetan bonbardaketaren aztarnarik gelditzen al da oraindik?
Harrizko fatxadak zituzten eraikinak guztiz kaltetu ziren barrutik, baina fatxadak mantendu egin ziren. Kurutziagan, Artekalean eta Andra Marian ikusten da hori.
Andra Maria ere bonbardaketen jomuga izan zen.
Durangar guztien imajinarioan bonbardaketaren irudiren bat badago, hori Andra Maria suntsiturik ikusten den argazki ezagun bat da. Beraz, Andra Marira ere joango gara. Gainera, martxoaren 31 oroitzeko plaka bat ere badago bertan. Handik Ezkurdira joango gara. XIX. mendean inguru horrek Durangon izan zuen garrantzia zein den azalduko dugu. Horretaz gainera, 1936ko irailean, Ezkurdin izandako bonbardaketaz ere egingo dugu berba.
Lehenengo bonbardaketa horrek zer ondorio izan zuen herrian?
Durangoko pilotalekua bonbardatu zuten 1936. urtean. Gainera, fusilamendu batzuk ere egon ziren, eta, horren ondorioz, hildakoak ere bai. Momentu horretatik aurrera herrian bi bandoren arteko enfrentamendua irudikatu zen.
Gerraren beste ondorioetako bat ospitaleen sorrera izan zen. Durangon non artatzen zituzten zaurituak?
San Agustinen eta Etxezarreta jauregian egokitutako ospitaleez gainera, erruki-etxeko ospitalea zegoen martxan Durangon. Apirilaren 2ko bonbardaketan hegazkinek beste pasada bat egin zuten, eta, Gurutze Gorriko bandera zegoen arren, ez zuten errespetatu, eta erruki-etxea bonbardatu egin zuten. Izurtzan ere beste ospitale bat egon zen.
Bonbardaketa bizi izan zuten askok diote ostekoa oraindik eta gogorragoa izan zela. Zelan gelditu zen Durango?
Alde Zaharra suntsituta gelditu zen. Irakurri dudanaren arabera, durangarrek inplikazio handia izan zuten herria berreraikitzeko. Andra Maria eliza 1939ko abenduan martxan zen berriro. Eraikinekin ere gauza bera gertatu zen. Goienkalean, bertan zeuden baserri batzuk suntsituta gelditzean, familia asko joan egin ziren, eta hutsune asko 1980ko hamarkadara arte ez ziren bete.
Urtetan, isiltasun handia izan da bonbardaketaren inguruan, Durangon. Zergatik uste duzu gertatu dela hori?
Historia garaikidean aditua ez izan arren, normala dela esango nuke. Durango herri nahiko tradizionalista zen, eta horrek ere izango zuen zerikusia. Bonbardaketan nazionalen aldekoak izango zirenak ere hilko ziren. Gainera, 8.000 biztanleko herri bat hain zatituta egotea nahiko latza izango zen. Familia guztietan egongo ziren alde batekoak zein bestekoak. Dena dela, azken hogei urteotan 36ko gerraren inguruko gaiek beste trataera bat izan dute, eta Durango ere dinamika horretan sartuta dago. Horrelako lanak eta ikerketak egiteko erraztasun handiagoa dago orain. 1960ko eta 1970eko hamarkadan gai hauetaz hitz egitea pentsaezina zen. Uste dut gaur egun gai hau lasaitasun osoz hartu behar dela. Bonbardaketa Durangoren historiako zati garrantzitsu bat izan da, tamalez, eta etorkizuneko belaunaldiek ezagutu egin behar dute. Gogoratu beharreko gaia dela deritzot.
Neversen amaituko duzue ibilbidea. Bertan zegoen emakumeen kartzelak zenbat preso hartu zituen?
Emakumeen kartzela hori 1940. urtean zabaldu zuten, eta 2.000 emakume hartu zituen. Durangarrentzat gogorra izan zen trenetan, oso egoera latzean, zetozen emakumeak herrira heltzen ikustea.