Martxoaren 31

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera ebakuatu zituzten gerrako umeen erakusketa antolatu dute

Anboto 2015ko mar. 26a, 16:34

Ramon, Victoria eta Mari Carmen gerrako umeak, Josu Erkoreka aurrean dutela.

Durangoko Udala, Gerediaga Elkartea eta Asociacion Guerra y Exilio izan dira erakusketa honen antolatzaileak. Lehenengo aldia da Euskal Herrian erakusketa hau egiten dena, eta dagoeneko ateak irekita ditu. Martxoaren 24tik 31ra izango da.

Gerra garaian Euskal Herria utzi eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera eraman behar izan zituzten gerrako umeak omendu nahi izan dira erakusketa honekin. Espainiatik 3000 ume inguruk egin zuten lur haietarako bidaia.

Erakusketan ume horiek idatzitako eskutitzak, argazkiak, memoriak eta abar izango dira ikusgai. Lehen pertsonan kontatzen dituzte momentu haietan bizitako esperientzia, eta gaztelaniaz daude testigantzak. Hala ere, testuingurua ulertzen laguntzeko, 60 panel informatibo daude, gazteleraz eta euskaraz.

Erakusketaren irekiera ekitaldian hainbat agintari eta ordezkari egon ziren. Besteak beste, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako Sailburua eta Aitzibier Irigoras Durangoko alkatea.

Erakusketa hau 2014tik dago zabalik estatu espainiarrean, baina lehenengo aldiz zabaldu dute Euskal Herri mailan.

Bestalde, aipatzekoa da Ramon, Victoria eta Mari Carmenen kasua. Hauek Leningradon egon ziren garai hartan, eta erakusketa ikusten ari zirela, haien senitartekoak eta lagunak ezagutu dituzte argazkietan.

Bukatzeko, esan erakusketa astelehenetik ostiralera 17.00etatik 20:00etara egongo dela zabalik, eta larunbat eta igandean 12:00etatik 14:00etara. Talde batek aurrez eskatu dezake bisita, gerediaga@gerediaga.com webgunean edota 946 818 066 telefonora deituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!