Clownarekiko pasioz beteriko lau egun, Aste Santuan, Durangon

Anboto 2015ko mar. 18a, 10:24

Apirilaren 2tik 5erako egunak aprobetxatuz antolatu dute, hirugarren urtez, Topaklown. Clowna maite dutenen, zein clownagazko jakinmina duten guztien topagune izan gura du, hitzordu horrek. San Agustin kulturgunean aurkeztu zuten atzo, aurtengo edizioak dakarren ikastaro eta ikuskizun egitarau oparoa.

Jon Kepa Garro Astarloa kulturgintza erakunde publikoaren ordezkariak agerraldi horretan azpimarratu zuenez, “hiru urtean egonkortu den proiektua da Topaklown”. Datuek erakusten dute hori; 2013ko lehenengo edizioan 70 parte-hartzaile inguru izan zituzten ikastaroetan. Aurten, 150 espero dituzte, eta itxaron zerrenda luzea dago ikastaro batzuetarako.

Gorka Ganso antolatzaile eta aktorearen berbetan, “eskaria itzela izan da, eta oso pozik gaude”. Hitzordu honen harira “sortzen ari diren sinergiak” goraipatu ere goraipatu zuen Gansok: “Balore batzuk konpartitzen dituen jendearen bilgunea da Topaklown”. Horren adibide, clownaren inguruko liburuen erakusketa berezia ipiniko dute egun horietan Arteka liburudendan, eta hainbat tabernarik ere prezio bereziak eskainiko dizkiete ikastaroetako ikasleei.

Bi arlo izaten ditu San Agustinek eta kulturgune horretako konpainia egoiliarra den Ganso & Cia taldeak antolaturiko Topaklown bilgune honek; batetik, clownaren kode teatralean jarduten diren artista eta pedagogoak gonbidatzen dituzte ikastaroak eskaintzera. Bestalde, jaialdiak irauten duen egunetan, clown ikuskizunen emanaldiak izaten dira iluntze eta gauetan.

Bufón sagrado ikastaroa eskainiko du, esaterako, Andres del Bosque txiletarrak; Experimentación del espíritu payaso ikastaroa eskaintzera etorriko dira, Christophe Thellier eta Fanny Giraud frantziarrak; eta De la máscara neutra al clown izenekoa Virgia Imazek. Aurten, gainera, euskarazko ikastaro bat eskainiko dute, lehenengoz. Pablo Ibarluzea eta Eneritz Artetxe izango dira Klowna ezagutuz hastapen ikastaroaren ardura izango duten irakasleak.

Zazpi ikuskizun
Zazpi klown ikuskizun izango dira, lau egunetan, Durangon. Doakoak izango dira, El Gran Dimitri, Aérea Teatro eta Decopivolta Teatre taldeen emanaldiak. Apirilaren 2an, 18:00etan; eta apirilaren 3 eta 4an, 20:00etan, izango dira hurrenez hurren.

Bono berezia eskuratu ezkero, bestalde, 16 euroan ikusi ahalko dira, Industrial Teatreraren De paso, Cia Carlo-Mo&Mr. Di taldearen Teatro de lo infame, III. Topaklown kabareta.  

Ikuskizunen egitaraua

APIRILAREN 2an
18:00 CircusZ RupT, musika eskolako plazan. (Doan)
21:00 De paso, San Agustin kulturgunea. (8 euro)

APIRILAREN 3an
20:00 Bellotas, San Agustin kulturgunean. (Doan)
22:00 Teatro de lo infame, San Agustin kulturgunean. (8 euro)

APIRILAREN 4an
20:00 Doble cita, San Agustin kulturgunean. (Doan)
22:00 III. Topaklown Kabareta, San Agustin. (8 euro)

APIRILAREN 5ean
20:00 Ikastaroen erakustaldia, San Agustin kulturgunean. (Doan)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!