DRTk igoera fasea segurtatu du Uribealdea mendean hartu ostean

Anboto 2015ko mar. 16a, 13:20
Jokalarien konpromisioa eta lanerako ahalmena dira arrakastaren gakoak Ines Etxegilbelen ustez. Argazkia: Jon Iglesias

Durango Rugby Taldeak Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatuko du. Ines Etxegibelen gizonek 20-10 irabazi zioten Uribealdeari zapatuan, Arripausuetan jokatutako partiduan. Batutako bost puntu horiekin matematikoki segurtatu zuten sailkapena.


“Azkenean lortu dugu”, dio Etxegibelek . Esku-eskuan zuten, baina lotu beharra zegoen. Taldearen ibilbideak eta denboraldi osoan erakutsitako sendotasunak konfiantza hedatzen zuen zaleen artera ere, baina badaezpada patxadaz hartu gura zuten. Ospakizunari atea irekitzeko baldintza bat bete behar zen: matematikak alde izatea. Eta horretarako lehenengo aukera baliatu zuten, zaleen aurrean, gainera.

Uribealdearen kontrako partidua amaitu ostean barruan gordetako sentimendu denak azalaretu ziren Arripausuetan: “Oso pozik gaude eta ospakizuna itzela izan zen, emozio denak atera genituen bertan”.
Uribealdearen kontrako partidua ez zen erraza izan. “Apur bat urduri irten ginen”, onartu du Etxegibelek. Gainera, Uribealdea ez zen nolanahiko arerioa: “Gu baino esperientzia eta errugbi gehiago daramate euren gorputzetan”. Baina partiduak aurrera egin ahala DRTk gora egin zuen eta partiduaren hondarrean, 80. minutuan, lortu zuten bosgarren puntua ematen zien entsegua. Guztira lau entsegu lortu zituzten Iker Herce, Sabin Goiti, Antxon Iriondo eta Aimar Urienen bidez.

Ez dira konformatzen
Zapatuan igoera fasea poltsikoratu ostean, DRTko jokalariak eta zaleak zain geratu zen; hurrengo egunean Zarautzek egiten zuenaren zain, oraindino liga irabazteko aukerak zituztelako. Baina gipuzkoarrek ez zuten hutsik egin  eta liga garaipena segurtatu zuten.

Beraz, liga amaitzeko geratzen zaizkion partidu biekin DRTk ez du helburu zehatzik, eta “errugbiarekiko errespetua mantenduz orain arteko lanari jarraitzea da gura lana”. Orain ezin dute erlaxatu eta “gure dinamika onari eusten saiatu behar dugu”. Domekan honetan Burgosen jokatuko dute bere sasoian elurraren ondorioz atzeratutako partidua.

Igoera fasean Ohorezko B Mailako hiru multzoetako aurreneko bi sailkatuak egongo dira. Sei talderik onenak. Talde indartsuak dira, batzuk DRT baino eginagoak eta hobeak. Zarautz bera, urrunago joan beharrik gabe. Baina ilusioa eta konpromisoa dagoen tokian…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!