Hiru partidu jokatuko ditu etxean Kulturalak, playofferako borrokan

Anboto 2015ko mar. 14a, 10:00
Durangoko Kulturalaren aurtengo familia argazkia.

Durangoko Kulturalak zortzi partidu daramatza galdu barik, eta igoerako playofferako borrokan bete-betean sartuta dago. Liga amaitzeko hamar jardunaldiren faltan, datozen hiru partiduak etxean jokatuko ditu. Zaleen laguntzagaz eta animoekin ligako azken txanpara aukera guztiekin heltzeko partidu garrantzitsuak dira.


Hiru partiduak astebeteren barruan dituzte; zapatuan, 17:00etan, Santurtzi etorriko da Tabirara; eguenean, San Jose egunean, bere sasoian elurraren ondorioz atzeratutako partidua jokatuko du Amurrioren aurka; hiru egun geroago Las Arenasen kontra jokatuko du.  

Kulturala denboraldiko boladarik onenean dago. Gaur egun, gozamena da Imanol de la Sotak gidatutako taldea ikustea. Beti bezala, baloiaren jabetzagaz jokoa atzetik antolatzeko filosofiari eusten dio, eta, gainera, emaitzak alde ditu. Urtarriletik hona ez daki galtzea zer den: bost garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu. Emaitza on horietan zerikusi handia du defentsa sistemak; Hirugarren Mailan golik gutxien (19) jaso duen taldea da, Portugalete liderragaz batera. Kulturala ez da talde golegilea (29), baina sartutako golei etekina ateratzen die.

Erasoko jokoari begira, ligako azken txanpan zeresana izan dezake Adrian Abasolok. Urtarrilean, Leioa taldetik (Bigarren B Maila) ekarri zuten aurrelari mañariarra, eta joan zen asteburuan lehenengo gola sartu zuen, Oiartzunen, Kulturalak 1-2 irabazi zuen partiduan.  

Orain, sailkapeneko bosgarren tokian kokatuta dago Durangoko taldea; playoff postuan dagoen Zalla puntu bi aurretik du. Imanol de la Sotaren esanetan, taldeak “ilusio itzela” du, baina “presiorik ez”: “Denboraldi hasieran inork ez zuen espero horrela egongo ginenik. Kontuan hartu behar da batez beste 21 urte dituen taldea dugula. Gehienak durangarrak dira. Guztia ematen eta gozatzen saiatuko gara. Jokalariak erabat konprometituta daude”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!