Robert Margerrison: "Lehiaketako partaideek galdera zail batzuk erantzun izanak harritu ninduen"

Anboto 2015ko mar. 15a, 10:00

Ingalaterratik Euskal Herrira duela hamasei urte etorri zen Robert Margerrison. Makina bat ikasle izan ditu ordutik, bere ingles eskoletan. Inglesa praktikatzeko modu berezia bururatu zaio; Trivial erako jolasa, quiz-a.  Lehenengo saioan hemezortzi talde batu ziren Plateruena Kafe Antzokian. Hurrengo ekitaldia martxoaren 19an izango da, antzoki berean, 20:30ean. 


Zertan datza ‘Rob´s pub quiz’ jokoak?
Duela 25 urte inguru, Britainia Handian hasi zen joko bat da. Lauzpabost pertsonako taldeak osatzen dira, Durangoko kasuan, ni egoten naiz galderak egiten, eta taldeetakoek galderen erantzunak idazten dituzte orri batean. 45 galdera izaten dira, eta galdera gehien asmatzen dituen taldeak irabazten du jokoa, Trivial jolasaren antzeko bat dela esan daiteke. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egiten dugun quizean, bertako menuak eta kontzertuetarako sarrerak irabazten ditu erantzun gehien asmatzen dituenak. Momentuko sariak ere egoten dira: nik pertsona bat aukeratzen dut, eta galdera bat egiten diot, eta, asmatuz gero, kaña bat, txakoli bat edo antzeko zerbait irabazi dezake.

Zerbait ordaindu behar da jolasteko?
50 zentimo ordaindu behar dira jolasteko. Sarreran, 50 zentimoak ordaintzean, paper zati batean zure izena idazten duzu, eta paper hori zaku edo kapela batera botatzen duzu. Saioaren edozein momentutan, aurkezleak izen bat ateratzendu, pertsona horrek taula gainera igo behar du, eta aurkezleak galdera bat botatzen dio; normalean zaila. Galdera asmatuz gero, pertsona horrek sarreran ordaindu diren 50 zentimo guztiak eramango ditu.

Zelan bururatu zitzaizun Plateruena Kafe Antzokian horrelako ‘quiz’ bat egitea?
Nire ustez, galdera da ea zelan ez zaidan lehenago bururatu. Ingalaterran ezagutu nuen, duela hogei bat urte. Aitzakia bat izaten zen astearte edo asteazken batean kaña bat hartzera irteteko; izan ere, horrelako egun batean taberna batera joanez gero, ez da inor egoten, jendea ez da irteten. Amaren herrian nengoen, urtean pare bat aldiz joaten naiz eta. Astegun batez, gauez, taberna batera sartu nintzen, eta quiz night saio bat zegoen; bertan eseri, eta jolasten hasi nintzen neu ere. Durangora bueltatu nintzenean, antzokian lan egiten duen, eta nire laguna den Goiatzegaz hizketan ibili nintzen joko honen inguruan, eta zera galdetu nion: “Zergatik ez dugu horrelako quiz bat antolatzen Durangon?” Handik egun batzuetara baiezkoa eman zidan, eta data jarri genuen, beste barik.

Adin tarte bati zuzenduta dago?
Ez, ez dago inondik inora adin tarte bati zuzenduta. 18 urtetik 56 urtera arteko jendea egon zen otsaileko saioan. Horretaz gainera, ingelesa ondo ez dakitenak ere etorri daitezke quiz-era, ez da ezer gertatzen.
 
Nolako galderak izaten dira partaideei botatzen dizkiezunak?
Denetarik dago. Batzuk nahiko zailak izaten dira, beste batzuk, ordea, errazagoak. Hala eta guztiz ere, batzuen erantzunek harritu egin ninduten, ez nuen espero galdera batzuk asmatuko zituztenik.

Lehenengo edizioan hemezortzi bat talde egon ziren; arrakastatsua izan zela esan daiteke?
Ez dut uste arrakasta izan zuenik, baina ni oso pozik geratu nintzen emaitzagaz. Martxokoa eta apirilekoa berdin irtenez gero, arrakasta izan duela esango dugu; baina momentuz ez. Asko gustatu zitzaidan beste detaile bat natiboen parte hartzea izan zen, edozein taldetan sartzeko prest zeuden. Nigana hurbiltzen ziren, non jarri ahal ziren galdetzen zidaten, eta nik nire ikasle oihen taldeetan sartzen nituen.

Hurrengo ‘Rob´s pub quiz’ saioan zenbat talde espero dituzu?
Berriz ere hamazazpi talde inguru egongo balira, oso pozik egongo nintzateke. Baina hurrengoa martxoaren 19an izango da, zubia hasten den egun berean, eta askok esan didate zubian euren herrira bueltatu edo oporretan joango direla; eta horrek errespetu pixka bat ematen du. Beharbada, batzuk ez dira etorriko, baina lehenengora etorri ez ziren beste batzuk animatzea espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!