Udal hauteskundeak 2015

Durangoko EH Bildu, gobernu aldaketarako ilusioagaz

Anboto 2015ko mar. 12a, 11:07

EH Bildu koalizioak agerraldia egin zuen atzo, udalak egindako inkesta baloratzeko eta herritarrei bere proposamenen berri emateko.

“EH Bilduk ordezkatzen du aldaketarako ilusioa”. Gobernu aldaketa emateko ilusioz eta esperantzaz berba egin zuten koalizioko Eider Uribek eta Ion Andoni Del Amok, inkesta oinarri hartuta. "Testuingurua erabat berria da: 36 urtez indarrean egon den ziklo politikoaren bukaera, eta udalean aldaketa erdiesteko aukera nabarmena". Duela lau urtetik hona, Bilduk eta Aralarrek indarrak batzeko “esfortzu handia” egin dutela uste dute, eta horren fruituak segida izango duela.

Gainera, "soilik lagunei mesede egiteko gobernuak bota" nahi dituztela azaldu dute koaliziokoek, EAJri kritika eginez: "Erabakiak alde bakartasunetik hartzearen gaia amaitu da. Bukatu dira udaleko ate eta bulego itxiak. Bukatu da ere kontratuak lagunei emateko garaia". Horren aurrean, gestio parte-hartzailea egingo dutela diote koaliziokoek: "Durangoko hurrengo gobernua jendearena izango da, durangarrena, eta euren beharrizanei eta proposamenei begirakoa".

EH Bilduk prozesu parte-hartzailea martxan dauka, eta martxoaren 28an hauteskundeetarako programaren zirriborro bat osatuko dute. Gero, auzoetan eta elkarteekin landuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!