DRTk igoera fasera sailkatzeko lan erdiak egin ditu A Coruñari irabazita

Anboto 2015ko mar. 9a, 16:30

Durango Rugby Taldeak 33-13 irabazi zion atzo A Coruña taldeari etxean. Geratzen zaizkion hiru partiduetan lau puntu batzen baditu igoera faserako sailkatuko da.

Denboraldi osoan legez partidu serioa jokatu zuen Ines Etxegilek zuzendutako taldeak. Antxon Iriondo, Paul Larrabeiti, Iker Zabala eta Mikel Blancok entsegu bana lortu zuten. Gaizka Iturriagak 4 transformazio gauzatu zituen. Talde galiziarrak, aldiz, entsegu bakarra lortu zuen.

Garaipen honekin, Durango Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako (A multzoa) bigarren postua sendotu du. Zarautz liderrak 90 puntu ditu, DRTk 78 eta Bera Berak 70. Zarautz eta Bera Berak ere irabazi egiten zituzten asteburuko partiduak. DRTri hiru partidu geratzen zaizkio liga erregularra amaitzeko, elurraren ondorioz bere sasoian atzeratu behar izan zuten bat tartean. Beraz, hemendik amaierara lau puntu batzen baditu bigarren postuari eutsiko dio eta igoera fasea jokatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!