Ez dago sasoian eta Garciak uko egin dio Espainiako kros txapelketari

Anboto 2015ko mar. 9a, 09:59

Gaur egun Durangaldea Running taldean dabil David Gracia durangarra

Euskadiko selekzioa osatzeko hautatuen artean dago, baina David Garcia durangarrak uko egin dio bere tokiari: “Ez dut kros denboraldia egoki prestatzeko astirik izan. Uste dut ordezkatzen nauena ni baino emaitza hobeak lortzeko moduan egongo dela”.

Euskadiko federazioko presidenteari eta batzorde teknikoari bidalitako gutun batean jakinarazi du erabakia: “Aurreko aldi batzuetan zuengana zuzendu naiz txapelketa batzuetarako aintzat hartua izan ez eta nire haserrea adierazteko, baina oraingo honetan jakinarazi nahi dut uko egiten diodala Espainiako txapelketan parte hartzeari”. Garciaren esanetan, “nire sasoia ez da aproposena txapelketa horretan parte hartzeko”. Azken hilabeteetan “arazo pertsonal batzuk medio, entrenatzeko denbora falta izan zait”. Horregatik, gurago du bere tokia prestatuago dagoen bati uztea: “Uneoro bakoitza non dagoen jakin beharra dago eta ez litzateke justua izango txapelketara joatea nigandik espero dena emateko moduan ez naizela egongo jakinda”.

Durangaldea Running taldeko atletak “esker ona” adierazi du krosean neguko txapelketa “garrantzitsuenean”  parte hartzeko hautatu dutelako: “Selekzioarekin joatea atleta moduan egindako lanaren errekonozimendu handia da eta espero dut etorkizuneko txapelketetan ni aintzakotzat hartzen jarraitzea”, adierazi du durangarrak.

Federazioen arteko kros torneoa —Espainiako kros txapelketa banaka— martxoaren 15an, datorren domekan, jokatuko da Alcobendasen (Madril). Junior mailan Bidezabal atletismo taldeko Garazi Lekunberrik parte hartuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!