Noiztik datorkizu kafearekiko zaletasuna?
Egia esan, ez da zaletasun bat, bizitzeko modu bat baizik. Txikitatik, nire aitak enpresa sortu zuenetik, kafeagaz jolasean ibili izan naiz; kafe zakuekin jolasten nintzen, eta horregatik esaten dut kafeina dudala zainetan. Oso lotuta nago kafearen munduagaz; gaztetan, sasoi batean, galduta nenbilen ikasketetan, ez nekien nondik nora jo, eta horregatik sartu nintzen zeharo kafearen munduan; gure aitak, garai horretan bertan, Kalitate Sail bat egiteko aukera eman zidan Cafés Baquen. Ospe handia izatera heldu ginen, kalitate kontrolen ondorioz, baina gero, aita hiltzean, La Tostadora kafe markagaz jarraitzea erabaki nuen. Kalitate kontrolak egiten jarraitu nuen, baina bigarren marka horregaz.
Durangokoaz gainera, badaukazue beste dendarik inguruan?
Ez, Durangalde inguruan ez daukagu beste dendarik. Hurbilen daukagun denda Bilbokoa da. Gure zerbitzuak ostalaritzara zuzenduta daude, eta dagoeneko baditugu bezero garrantzitsu batzuk, baina gure helburua hazten jarraitzea da, eta horretan gabiltza, pixkanaka-pixkanaka hazten, baina beti kalitate kontrolak eginez.
Duela bi aste inguru Espainiako Kafe Dastatze Txapelketa irabazi zenuen. Txapelketa horren nondik norakoak azaldu ahal dituzu?
Zortzi minutuan zortzi talde jartzen dizkizute, eta talde bakoitzean hiru kafe kikara. Talde bakoitzean dauden hiru kikaretatik zein kikara den desberbina asmatu behar duzu. Horrela esanda, nahiko erreza ematen du, baina ez da horrela. Kafeak nahiko berdintsuak izaten dira, finalean kafe berdina suertatu zitzaidan, lursail berekoa, baina altuera desberdinean landatua, eta hori antzematea oso zaila da. Gehien asmatzen dituenak irabazten du, eta, berdinketa gertatuz gero, denbora gutxienean egin duenak.
Zenbat kafe dastatzaile egon zineten Santanderreko finalean?
Guztira, hamalau bat partaide elkartu ginen. Lehenengo probatik sei onenak sailkatu ziren finalaurrekoetara, eta finalaurrekoetako hiru onenak joan ziren finalera. Munduko Txapelketan, ordea, 40 bat partaide izango gara, eta hor zailagoa izango da irabaztea.
Ekainean Munduko Txapelketara joango zara Espainiaren ordezkari; nolako aurreikuspenak dituzu txapelketaren inguruan?
Nahiko aurreikuspen onak ditut, esperientzia handia hartu dudalako urte hauetan guztietan. Oso zaila izango da irabaztea, lehen esan dudan bezala, 40 partaide bilduko garelako, baina urte asko daramatzat kafea dastatzen, eta horrek irabaztera joateko gogo gehiago ematen dit, prestakuntza ona daukadalako.
Zein markakoa da probatu duzun kaferik onena?
La Tostadora markakoa da probatu dudan kaferik onena, nola ez. Proiektu honetan sinisten dugu, eta asko zaintzen ditugu gure kalitate kontrolak, hori delako gure helburua, kalitatea zaindu, eta apurka-apurka haztea.
Aurten Duranguesa txirrindulari elkarteko gazteen taldea babestuko du La Tostadorak. Zer iritzi duzu proiektu horren inguruan? Zergatik babestu duzue txirrindularitza talde bat?
Gure aita kirolari amorratua zen, eta kirol harrobia bultzatzea gustatzen zitzaion, kirola edozein zela ere. Bultzatzaile sutsua zen, eta, orain, merkatuan daukagun presentzia aprobetxatuta, kirol talde hau babestea erabaki dugu. Talde hau babestuko dugu, uste dugulako gure aitak egiten zuena ona zela kirolarentzat, eta haren pausoei jarraitzea erabaki dugu.