Karrika antzerki taldeagaz sarritan zapaldutako oholtzatik ariko dira, eta, Joana Ocaña taldekideak azaldu duenez, “proiektu hau gauzatzeko lehenengo urratsak eman genituen lekura bueltatzeak ilusio handia egiten digu”.
Aitorrek eta Mirenek osaturiko bikotearen istorioa du ardatz Amodioaren ziega obrak; bata preso dago, eta bisitan joan zaio bestea. Lau aktorek gorpuzten dute bikotea: Sagardoyk, Ocañak, Froufek eta Urki Muguruza zarauztarrak.
Joan zen barikuan, Leioako Kultur Maratila jaialdiaren barruan estreinatu zuten Amodioaren ziega. “Gogotsu egin genuen estreinaldia”, kontatu du Ocaña taldekideak. “Gure gizarteko errealitatearen zati bat denez, hurbilagotik edo urrunagotik, denok ezagutzen dugun arazo sozial bat da kartzelarena, eta nik uste dut gizatasun handiz kontatzen dugula. Jende asko hunkitu egin zen Leioako emanaldiagaz. Beste batzuek, ostera, barre asko egin zuten, eta asko eskertu genuen hori. Estreinaldi osteko inpresioak askotarikoak izan dira, baina orokorrean positiboak”, dio Joana Ocaña aktoreak.
Xabier Mendigurenek idatzitako gidoian eta olerkietan dago oinarrituta antzezlana. Kartzelako aurrez aurrekoen bizipenak ezagutzeko, bestalde, preso egondako hainbat lagunekin elkarrizketak eduki dituzte Lauka taldeko antzezleek.
Egileen berbetan, estetikoki ikuskizun xumea izan arren, alde artistiko landua du Amodioaren ziega lanak: taldekideek kolorea, argiztapena eta eszenografia erabilita osaturikoa.
Duela bi urte abiatutako sorkuntza prozesuaren emaitza da martxoaren 12an Durangon ikusgai izango dugun antzezlana. Aulestiko 2013. urteko antzerki topaketetan elkartu ziren Lauka konpainia sortu duten lau antzezleak. Euskal idazleen hainbat testu landu zituzten Manex Fuch antzerkigileagaz; tartean, Xabier Mendigurenena.
Bi urteotan antzezlana gauzatu ahal izateko lan handia egin dute antzerkigile gazteek, eta Zubi lehiaketa irabazi izanak babestu du proiektua. Euskal Herriko antzerkigintzako hainbat eragilek bultzatutako proiektua da Zubi; antzerki proiektu gazteak diru-laguntzagaz eta aholkularitza artistikoagaz sostengatzen dituena.
Domekako hitzordua
Laukaren Amodioaren ziega obraren emanaldiagaz, eta martxoaren 15eko Il Maquinario Teatro taldearen emanaldiagaz, gazteek sortutako antzerkiaren inguruko ziklo laburra prestatu dute San Agustin kulturgunean. Emanaldi bakoitzerako sarrera 8 eurokoa izango da, baina eskaintza berezia luzatu dute egueneko eta domekako saioetara joan gura dutenentzat: bi saioetarako abonuaren prezioa 12 eurokoa da. San Agustin kulturguneko arduradunek azaldu dutenez, emanaldi bakoitzaren ondoren sortzaileekin berbaldia izateko aukera izango dute, gainera, antzerkizaleek.
Martin McDonagh egilearen lanean oinarrituriko El hombre almohada obra da Il Maquinario Teatro Galiaziako antzerki gazteak, datorren domekan Durangon eskainiko duena. Eduki sozial handiko lana, intriga eta umore beltza ere osagai dituena.