Ray Fernández: "Sukaldaritza ikasi nuen: musikan, Habanako malekoian hazitakoa naiz"

Anboto 2015ko mar. 6a, 09:00

 

Durangoko Plateruenean joko du Fernandez musikari kubatarrak, Cuatro Tanquistas y Un Perro taldeagaz, bihar, 22:30ean. Kontzertuan Igor Elortza bertsolariak eta Ines Osinaga GOSEko abeslariak parte hartuko dute.

Zelakoa izaten dabil Euskal Herriko esperientzia?
Ederra! Hotza, klimari dagokionez, baina beroa, topatu dugun laguntasuna aintzat hartuz gero. Oñatin eskaini dugu lehenengo emanaldia, eta, Habanan ezagutzen ditudan euskaldunek apur bat beldurtu ninduten arren, primerakoa izaten dabil esperientzia.

Zer esan zizuten, bada?
Sasoi zailak direla, jende gutxi joaten dela kontzertuetara eta, ni hemen ezezaguna izanda, zaila izango zela jendea erakartzea.Oso zurrunak zaretela, eta gutxi mugitzen zaretela musikagaz... Lehenengo kontzertuan desagertu dira beldur horiek guztiak.

Euskal musikariekin hartu-emana izan duzu. Tartean, Ruper Ordorika oñatiarragaz.
Bai, eta berak egin zuen Oñatiko kontzertuaren aurkezpena. Habanan, Santa Claran eta Matanzasen zehar bira ederra egindakoak gara Ruper eta biok.

Cuatro Tanquistas y Un Perro taldeak lagunduta etorri zara Euskal Herrira. Ez ‘tanguista’-k, baizik eta ‘tanquista’-k?
Bai, 1980ko hamarkadan Kuban arrakasta handikoa izan zen telesail poloniar batetik hartutakoa da izena. Baina, edozelan ere, bidaiatu ahala, taldeari izena aldatzen diogu: Dominikar Errepublikan, esaterako, Los Cuatro Tainos gara. Los Cuatro Tainos y Un Perro. Txakurra lagun beti.

Noiztik zabiltzate elkarregaz?
Duela sei urtetik jotzen dugu Miramarko Musikaren Etxean, Quimbombo Que Resbala izeneko elkartean. Oso harrera ona egiten digute, bai Kuban dauden euskaldunek, bai Euskal Herritik bisitan joaten direnek ere.

Zelako doinuak jotzen dituzue Quimbombo Que Resbalan?
Boleroak, sonak... Denetik jotzen dugu. Errepertorio nahiko zabala daukagu, nire kantekin eta beste batzuenekin osatutakoa.

Zure musika ibilbidea zein izan da? Gaztetatik kantatu duzu?
Laguntzen didatenak musikari graduatuak dira, baina ni ez. Nik sukaldaritza ikasi nuen, eta denbora batez sukaldari egin nuen lan. Musikan, Habanako malekoian hasi nintzen. Une batean, El Caiman Barbudo kolektiboagaz egin nuen topo, eta Hermanos Saíz elkartean ere sartu nintzen. Talentudun gazteei laguntzen die elkarte horrek, eta, ni artean 30 urtetik gorako gizona nintzen arren, kide egin nintzen. Hor hasi nintzen, kalean barik, kontzertuetako publikoaren aurrean jotzen.

Malekoian ikasi duzu, beraz, musikari ofizioa.
Bai. Edozein musikarirentzat eskola onena da malekoia! Baina, aldi berean, gogorra ere bada. Hala ere, mundu guztia igarotzen da bertatik, beti dago jendea. Denetik gertatu zait bertan: sutsuki txalotu izan naute, baina txistu ere egin izan didate. Sufritu eta gozatu egin dut.

Mezu zuzenak bidaltzen dituzu zure kanta askotan. Zerk bultzatzen zaitu idaztera?
Bizi ditudan eta inguratzen nauten errealitateei buruz abesten dut. El gerente izeneko kantak, esaterako, burokraziaren ustelkeriaz dihardu. Maitasunaz eta maitasun ezaz ere kantatzen dut.

Kubako errealitateagaz kritiko zara letra batzuetan.
Badakit ezkerretik egindako kritikek izorratzen dutela gehien ezkerra, baina, egia esan, sekula ez dut pentsatzen dudana esateko arazorik eduki. Telebistan Entre manos izeneko programa aurkezten dut, eta hor ikusi ahal izan dut irekitasuna gailentzen dabilela Kuban.

Ahozko inprobisazioagaz harreman estua duzu.
Bai; izan ere, Las Villasen jaiotakoa naiz, eta tradizio handia dago han inprobisaziorako: gure aitona biak repentistak ziren, hemengo bertsolarien parekoak, eta nik ere sarritan idazten ditut dezimak. Habanako Aberri Egunetan bertsolari asko ezagutu dut, eta benetan gauza ederra iruditzen zait bertsolaritza.

Hemengo bertsolariekin ibiliko zara Plateruenean bihar, ezta?
Bai, Igor Elortzak kolaboratuko du kontzertuan. Gainera, Ines Osinaga musikaria ere gugaz egongo da.

Habanako gaueko giroan poesia sartu gura izan duzula irakurri dizugu.
Bai; izan ere, guaracha, sona eta reggaetona dira, berez, Musikaren Etxean nagusi. Bertan hasi nintzenean, Luis Zamora poeta gonbidatu nuen nigaz jardutera.Hasieran jendeak ez zuen ondo hartu. Publikoak ordu horretan ez zuen poesiarik nahi. Orain, ikuskizuna egonkortu ostean,  berriro hasi gara tarteka poesia errezitaldia ere barneratzen.

‘Al que fuma, bebe y canta, se le jode la garganta’ diskoa prestatzen zabiltza. Zeure esperientzian oinarritu zara?
Asko edan, erre eta kantatzen dut, eta bizimodu horrek Mexikoko kulturagaz daukan harremanari erreferentzia egiten diot kanta horietan: neuk sortutako rantxerak eta korridoek osatuko dute diskoa.

Silvio Rodríguez eta Pablo Milanes dituzu kuttunen artean...
Bai. 1971. urtean jaiotakoa naiz, eta Los Pasteles Verdes, Los Brincos eta Formula V izan ziren nire lehenengo influentziak. Trova berriari ez nion berandura arte arretarik jarri, eta, ezagutu nuenean, begiak zabaldu zizkidan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!