Montserrat Torrent organista entzuteko beste aukera bat, Arandoño elkartearen eskutik

Anboto 2015ko mar. 2a, 14:09

Durangon, 1982an, 2007an eta 2010ean ere jo izan du Montserrat Torrent organista kataluniarrak. Zapatu honetan, 20:00etan hasita, Andra Maria elizako organutik eskainiko du 87 urte organista ezagunak kontzertua.

Arandoño elkarteko Xabier Aranak egin die musikazaleei zapatuko kontzertu horretarako gonbidapena. Azpimarratu du, eroriko baten ondorioz denbora batez organoa jo barik egon behar izan dela Torrent, eta azken aldian Kataluniatik kanpo eman duen lehenengo emanaldia izango dela Durangokoa.

Besteak beste, Bach eta Brahamsen konposizioak, zein Jesus Guridi eta Manuel Castillorenak ere eskainiko ditu Torrentek Andra Mariako kontzertu horretan. Ohi bezala, publikoak organistaren mugimenduak ondo jarraitu ahal izateko, pantaila bat ipiniko dute altarean.

Musikaren arloan tradizio handiko famliakoa da Torrent; bere ama (Enrike Granadosen ikaslea izandakoa) izan zuen umetatik, piano irakasle. Ondoren, Bartzelonan, Sienan eta Parisen ikasi zuen organoa jotzen.

Arandoño elkarteak azken urteetan antolatu duen ziklo honetan ohitura denez, uda aurretik 2015. urteko Organo Kontzertuaen bigarren hitzordua eskainiko dute. Xabier Aranak gaur aurreratu duenez, maiatzaren 29an, San Faustoko elizan izango da emanaldi hori. Euskal abestiak izenburuko programa eskainiko dute, Ana Belen Garcia organistak eta Amaia Arberas sopranoak.

Organoa konpontzen jarraitzeko

Organo Kontzertuak zikloaren barrukoak bezalako emanaldietarako prest edukitzeko, Andra Maria elizako organoan konponketak egiten jarraitzeko asmoa agertu du Xabier Arana Arandoño elkarteko kideak.

Aranaren berbetan, "mezatarako behar denerako baldintza onak dituen arren, ziklo honetakoak bezalako kontzertuetarako hobekuntza batzuk behar ditu Andra Mariko organoak". Hainbat pieza berrizteko, 60.000 euro inguruko konponketak egiteko asmoa daukate, elizaren, udalaren eta Aldundiaren diru-laguntzagaz.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!