Bilboko ‘Musika-Música’ jaialdian joko du Bartolome Ertzillako gazteen orkestrak

Anboto 2015ko mar. 3a, 09:00

Asteburuan Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten Musika-Música jaialdian parte hartuko du Bartolome Ertzilla musika eskolako gazte orkestrak.

Aurten Haendel eta Bach konpositore alemaniarren musikaren inguruan antolatu dute Bilboko musika jaialdia, eta martxoaren 6an, 18:30ean, joko du Bartolome Ertzillako orkestra gazteak bertan. Haendelen musika joko dute Durangoko musika eskolako hari-instrumentuz osatutako orkestrako kideek, Euskalduna jauregiko sarreran: kontzertuaren zati bat Bidane Txopitea sopranoagaz eskainiko dute, eta beste zati bat, ostera, instrumentala izango da.

Eunate Zarrabeitia irakaslearen zuzendaritzagaz jardungo da Bartolome Ertzillako orkestra gaztea. “Musika-Música oso jaialdi inportantea da, eta erronka da guretzat bertan jo ahal izatea”, adierazi du Zarrabeitiak. “Ikasleentzat eta euren familientzat aukera ederra da Bilboko musika jaialdi hori ezagutzeko. Aukera honen atzetik ibili gara azken urteotan, eta oso pozik gaude, azkenean lortu dugulako jaialdian jo ahal izatea”.

Eunate Zarrabeitia orkestra zuzendariak azpimarratu du musikariarena talde-lana izaten dela gehienetan, eta “bizipenetatik ikasten” dela gehien: “Horregatik, oso inportantea da talde batean jotzera ateratzea, musikariaren lana zein den ikusteko”.

12 eta 30 urte arteko 24 musikarik osatzen dute Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako gazte orkestra. Orkestraren kideetako batzuk kontserbatorioan erdi mailako musika ikasketa arautuak egiten dabiltza, eta nahitaezko ikasgaia dute Orkestra. Beste batzuk, aldiz, musika eskolako ikasleak dira.

Durangokoaz batera, beste 25 kontserbatoriotako eta musika eskolatako orkestrek joko dute Bilboko Musika-Música jaialdiko musikari profesionalen emanaldien tartean. Hiru egunean, goizez eta arratsaldez, eskainiko dituzte han-hemengo musikariek XVIII. mendeko musika barrokoagaz osatutako emanaldiak.

Guztira, 75 kontzertu izango dira martxoaren 6tik 9rako asteburuan, Euskalduna jauregian. Besteak beste, Bilboko, Asturiasko, Granadako, Sevillako eta Euskadiko orkestra sinfonikoek eskainiko dituzte saioak, eta Haendel eta Bachen musikan mundu mailako espezialistarik onenek ere bai: instrumentistek –organistek, oboe-jotzaileek, biolinistek, tronpetistek, flautistek eta biolontxelistek– zein abeslariek –sopranoek, mezzosopranoek eta tenoreek–.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!