Durango 1936 kultur elkartearen iritzia Gastañazatorreren nazi mozorroaren inguruan

Anboto 2015ko ots. 24a, 11:48

Memoria historikoaren inguruan lan egiten duen Durango 1936 Kultur Elkarteak iritzi gutuna bidali du Juan Jose Gastañazatorreren mozorroari buruz. Hemen duzue hitzez hitz elkartearen gutuna:

"Nonbait Durangoko Udalbatzarreko zinegotzi bati inauterietan ondo pasatzeko ofizial naziz mozorrotzea otu zaio. Kanarietan jantzi da ofizial naziz, eta argazki batean ikus daitekeenez, beste bost lagunekin partekatu du dibertsioa, seikote ederra osatuz.

Kontua da lagun horrek 30 urtetik gora daroazela Aliantza Popularreko eta PPko zinegotzi legez Udalbatzarrean.

Horren aurrean Durangoko 1936 Kultur Elkarteak hainbat galdera plazaratu nahi ditu:

-Zelan ulertu behar dugu durangarrok dibertsio mota hau faxistek eta naziek gure herria txikitze arren eta 400 lagun hiltze arren inork ez duenean barkamenik eskatu edo erantzukizunik azaldu? Inor ez denean errudundua ezta epaitua izan ere, halako txikizioagatik?

-Zelan ulertu behar dute gure auzoko gernikarrek Durangoko zinegotzi batek lagunekin ondo pasatzeko euren herria suntsitu zutenen mozorro nazia janztea?

-Zelan ulertu behar dute mundu zabaleko demokratek Durangoko zinegotzi ustez demokrata batek milioika heriotza eta sufrimendu eragin zuten nazien mozorroa janztea?

-Zelan ulertu behar dugu PPko zinegotzi baten jarrera hori bere alderdikideek gainerako guztiei barkamena eta autokritika egin dezatela etengabe eskatzen dietenean?

-Zelan ulertu behar dute trufatze hau durangar gazteek? Zein eredu ari dira gure agintariek eskaintzen?

Zaila du herri batek adiskidetzearen eta bakearen bidetik abiatzea 400 hildako erailketa eragin zuen bonbardaketaren urteurrenean hildako guztientzat loreak eskaintzen duen agintariaren jokabide hau ikusita. Zintzotasunez ari dira gure ordezkariak? Zer diote bonbardaketaren urteurrenetan bere alboan agertu diren gainerako ordezkariek?"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!