"Ez dut ulertzen zelan guztia nahastu den. Nik uste intentzio txarrez egin dutela. Ni nazi bat naizela? Mesedez, guztiz kontrakoa!". Berba horiekin erantzun ditu Gastañazatorrek bere mozorroari buruz eginiko kritikak. Tenerifeko El Día egunkariak erreportaje bat landu zuen zinegotziari buruz, eta horren ostean polemika piztu da. Prentsaurrekoa ematea aztertzen dabil, eta hedabide batzuetan agertu denaren kontra, ez dio bere alderdiak eskatu. Egitekotan, bere erabakiz izango ei da.
Gastañazatorre urte askoan joan izan da Tenerifeko inauteriak ospatzera. Aurten, lau mozorrogaz ospatu ditu, eta bat alemaniar naziena zen. Kontatu du, alemaniarren talde hori 40 urtean irten dela horrela, eta sekula ez dela polemikarik piztu. "Luis Mardones diputatua ere egon zen behin eurekin", esan du zinegotziak. Urtero izaten dituzte gonbidatuak, eta aurten durangarra aukeratu dute, "urte askoan parte hartu dudalako". Gastañazatorrek inauteri horiek bereziak direla dio, satira ugari erabiltzen delako: "Tenerifeko karnabala ez du ulertzen kritika egin duenak, broma baita inauteri horretan nagusitzen dena". Euren mozorroa ere txantxa egiteko zela azaldu du: "Nazien SS barik ZZ ginen. Ejerzito horretaz barre egiten genuen".
PPko zinegotziak esan du ospakizunean alemaniar turista ugari zeudela, eta ondo hartu zutela mozorroa: "Gu ikustean, barrez lehertzen ziren. Argazkiak atera zituzten gugaz".