Berdeago: Ingurumen gaien eztabaidagune eta azoka

Anboto 2015ko ots. 13a, 13:33

Otsailaren 20tik 22ra bitartean garatuko den Berdeago azokaren aurkezpena egin dute Durangoko udaletxean. Enpresen erakusketaz gainera, berbaldi sorta mardula prestatu dute antolatzaileek. Makroproiektuen kontrakoek ahots berezia edukiko dute berbaldiotan.

AHTa eta Frackinga izango dira aurtengo Berdeago azokako berbaldietako gai batzuk. AHTaren kasuan, Iñaki Barcena eta Roberto Bermejo irakasleek berba egingo dute, eta Frackingari buruz Mikel Oterok, Fracking Ez! Euskadi plataformakoak. Gainera, Muskizeko Anticoke elkartekoek kutsaduraz jardungo dute.

Iñaki Peñak, Berdeago azokaren antolatzaileak, hitzaldi ziklo neutroa egiten saiatzen direla adierazi du, baina aitortu du aurten proiektuen kontrakoek indar gehiago edukiko dutela. Edozelan ere, gaiak aukeratzerakoan, aktualitateagaz lotuta daudenak izaten dituzte kontuan.

Urterik urte sendotzen doan ekimena da Berdeago. Aurten 55 enpresak erakutsiko dituzte energia aurrezteko pentsatuta dauden produktuak, eta 30 bat kanpoan utzi behar izan dituztela esan du Peñak, leku faltagatik. Iaz 12.000 lagun batu ziren azokan, eta datu hori "oso ona" dela esan arren, gorantza egiteko asmoa dute.

Tailer eta esperientzi ugari ere iragarri dituzte. Adibidez, Maristak ikastetxeko irakasle Luis Sutilek bere auto hibridoa erakutsiko du, eta bere esperientzia kontatuko du. Leire Gorroñok, durangarra hau ere, energiaren planifikazioaz berba egingo du.

Durangoko Udalak babesten du Berdeago, eta aurkezpenean, Aitziber Irigoras alkateak adierazi du "oso serio" lantzen dutela udalean jasangarritasunaren ideia. Berdeagogaz, Durango ingurumenaren aldeko ekintzen epizentro bihurtzea gura dute. Peñak Durangoko Udalak urtetan egindako lana baloratu du, eta bere ustez gaian erreferente bihurtzen dabil astiro-astiro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!