Zelan sortu zenuten taldea?
Beno, salbamendu eta sorospen lehiaketetan ibiltzeko ideia neuk eman nuen. Kantabriako kirol talde batean ibili nintzen. Ondoren, Tabira taldera etorri nintzenean, modalitate hau sortzeko ideia sortu zitzaidan. Beraz, zuzendaritzagaz ideia zehaztu genuen, zuzendaritza ere ados zegoelako, eta 2013. urtean hasi ginen kirol honegaz.
Nolakoa da horrelako klub baten funtzionamendua?
Klubaren barruan bi modalitate dauzkagu. Batetik, igeriketa eta, bestetik, salbamendua. Uste dugu kirolarientzat oso aukera egokia dela horrelako klub baten parte izatea. Hainbat jarduera ditugu: manikiekin egiten diren probak, oztopo-probak, laguna arrastaka eramateko ariketak, hegatsekin igeri egiteko saioak, hondartzako probak eta beste hainbat. Azken finean, astebururo irteten gara kanpora, eta gazteek ondo pasatzen dute, hori da garrantzitsuena.
Zuena da salbamenduan lehiatzen duen klub bakarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Egia esanda, orain dela gutxi jakin genuen salbamendu kirola Euskadiko Igeriketa Federazioak kirol modalitatetzat hartzen duela; hau da, waterpoloaren edo igeriketa sinkronizatuaren pareko dela. Gaur egun Euskadiko Igeriketa Federazioko presidentea, eta salbamendu eta sorospen arlokoa pertsona bera da.
Nolakoa da talde honen egunerokoa?
Irailean hasten den planifikazio bat daukagu, eta orduan hasten dira igeriketa eta salbamendu lehiaketak. Horien arabera eta Espainiako Txapelketarako behar dituzten gutxieneko marken arabera egiten dugu planifikazioa; horiei zuzendutako probak eta serieak egiten ditugu bakarrik. Orain, adibidez, Bizkaiko Txapelketa daukagu, eta horretara bideratzen ditugu entrenamenduak.
Zein da zuen egitekoa?
Batez ere, monotonia haustea lortu nahi dugu, igeriketa klubetan egoten den betiko errutina hori aldatzea eta gauza desberdinak egitea. Eta, bigarrenik, Euskal Herrian salbamendua eta sorospena kirol munduan sustatzea. Gainera, uste dugu gure artean oso maila handia duten kirolari asko daudela, eta, bai eremu nazionalean, baita nazioartekoan ere, lehen postuetan egoteko aukerak dituztela esango nuke.
Ba al dago adinean mugarik klubean sartzeko?
Ez. Kimuak dira gazteenak, eta gero ez dago mugarik; 85 urteko jendea ere ikusi dut lehiatzen. Orokorrean, hondartzetan sorosle izandakoak eta elite mailan kirolari izandakoak animatzen dira; gehienbat frantsesak. Hemen ez da hain normala, kirol hau ezagutarazten gabiltzalako oraindik. Adibidez, Santurtzin interesatuta daude, eta Barakaldon martxan dira dagoeneko.
Durangarrak bakarrik al daude Tabira klubean?
Euskal Autonomia Erkidegoan Tabira bakarrik dago inskribatuta, eta bertan, momentuz, durangarrak baino ez daude. Natalia Martinezek, adibidez, lau domina irabaziak ditu Espainiako Txapelketan: urrezko hiru domina eta zilarrezko bat. Geroz eta jende gehiago gara, eta aurten emaitza hobeak lortzea espero dugu.
Zuk entrenatzaile izateaz aparte, lehiatu ere egiten duzu, ezta?
Gaur egun, Euskadiko Salbamendu Kirol Federazioko arduraduna naiz, eta, horretaz gainera, igeriketa eta salbamendu txapelketetan parte hartzen dut, master kategorian. Salbamenduan 2009-2010 artean hasi nintzen, Santanderreko klub batean. Zazpi urte eman nituen hondartza batean sorosle, eta bertan kirol hau ezagutzeko aukera eduki nuen.
Zeintzuk dira hemendik aurrera dituzuen erronkak?
Bada, aurten, Europako Txapelketara aurkeztuko gara master kategorian; Alacanten jokatuko da. Datorren urtean Holandan izango den Munduko Txapelketara ere joango gara.