Idoia Torregarai: "Twitter izugarrizko haize freskoa izan da emakumeok umorea euskaraz egiteko"

Idoia Torregarai kazetari usurbildarra (Argazkia: ionmarkel.com)

‘Betaurreko umoreak’ jarrita landuko du Idoia Torregarai kazetariak, gaur 19:00etan, Platerueneko Berbertan elkarrizketa zikloan umorearen eta generoaren arteko lotura. 



Badago euskaldunok bereizten gaituen umorerik?
Ez dut emakumeen eta gizonen umorearen arteko bereizketarik egiten, eta ez dut uste euskal umorea existitzen denik. Uste dut umorea erreferentzien gainean oinarritzen dela. Umorea egiteko erreferentziak behar dira, hau da, zerbait komuna behar da. Euskaldunok euskaldun izateagatik baditugu erreferente komun batzuk. Horregatik, grazia egiten diguten gauzak berdintsuak izan daitezke.

Genero ikuspuntutik emakumeon umorea ikusezina da? Egoera hori aldatzen dabil?
Oraindik kosta egiten da aldatzea, eta asko dago egiteko. Umore aldetik Kontxu Odriozola, Bi eta Bat telesaila... Fikzioan tradizio bat egon da antzerkigintzari lotuta, eta hor emakumeak izan dira erreferentzia. Umore sormenari dagokionez, oraindik egiten dabiltza, baina pauso gehiago eman behar dira.

Sare sozialek zein leku dute umorean eta generoan?
Sare sozialen ekarpena oso positiboa izan da. Iritzia emateko aukera eskaintzen digu emakumeoi. Gainera, Twitterrek, bereziki, izugarrizko haize freskoa ekarri dio euskarari. Une honetan emakume asko jarraitzen ditut Twitterren haien umorea modu naturalean plazaratzen. Leire Narbaiza Marimaistra, Mirari Martiarena, Bea Salaberria, Ana Morales, Iraitz Madariaga, Ana Malagon... Beraz, Twitterrek loraldi bat zabaldu du emakumeon artean, eta, bereziki, umorea lantzeko izugarrizko jokoa ematen du. Hor ere emakumeon ekarpena ikusgarri egin du. Tradizionalki emakumeak arlo pribatuan egon direnez, ez dute aukerarik izan ez umorerik, ez erreferentziarik garatzeko, beraz, sare sozialek ekarpen freskoa egin dute. Hala ere, erreferentzia matxistak ez dira egun batetik bestera desagertuko.

Umorearen inguruko blog bat sortu duzu.
Umorea nire bizitzaren parte oso nabarmena izan da, nire bizitzako hautu bat da, ama oso alaia delako eta aita txiste kontalaria izan delako. Zer edo zer egin nahi nuen, eta horrela sortu zen barretartia.com. Oso argi nuen  umoreak funtzio sozial bat behar duela eta proiektua partekatu egin behar nuela.

Emakumezko zein umorista gustatzen zaizu?
Euskaldunei dagokienez, gustatzen zait Marimaistrak edo Mikel Pagadik Herri Txiki saioan umorea zein modu naturalean egiten duten ikustea. Estatu mailan, berriz, Eva Hache oso azkarra da, eta bide urratzaile garrantzitsua dela esango nuke.

Erlazionatuak

Eguaztenean generoaren inguruan hausnartzeko gunea abiatuko da, Berbertan zikloan

Durango

Plateruena kulturgune herritarrak antolatzen duen Berbertan hitzaldi zikloa bueltan da. Politika, kirola, kultura... Hainbat gai jorratu dituzte or...
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!