Eguaztenean generoaren inguruan hausnartzeko gunea abiatuko da, Berbertan zikloan

Anboto 2015ko ots. 9a, 12:45

Iaz, Plateruenean, kulturgintzaren esperientzia truketa egin zen Berbertan zikloan

Plateruena kulturgune herritarrak antolatzen duen Berbertan hitzaldi zikloa bueltan da. Politika, kirola, kultura... Hainbat gai jorratu dituzte orain arteko edizioetan, eta aurtengo honetan generoa aukeratu dute. Beraz, genero ikuspuntutik hausnartzeko plaza izango da Berbertan. Ohi bezala, elkarrizketa formatua edukiko dute datozen hiru eguaztenetan 19:00etatik aurrera eta doan garatuko diren  berbaldiek.


Eguaztenean emango diote hasiera zikloari. Nagore Uriarte Hamaika telebistako kazetariak Idoia Torregarai elkarrizketatuko du. Torregarai ere kazetaria da, eta www.barretartia.com blogaren egilea da. Generoak umorean daukan lekuaz jardungo dute solasean. Hilaren 18an, Estitxu Eizagirre Argia astekariko zuzendaria izango da gidari, eta Oihana Etxebarrietak jarraituko dio hariari. Hezkidetzan aditua da Etxebarrieta, eta generoak umeen ipuin eta jolasetan duen eragina aztertuko du. 25ean, generoa eta dantza tradizionala izango dituzte berbagai Izaskun Ellakuriaga Bizkaia Irratiko kazetariak eta Oier Araolaza dantzariak.

Gogoetaren ondorio
Plateruena kulturguneak Zilarberritzen izeneko gogoeta garatu zuen iaz, eta ondorioetako bat izan zen emakumeen presentzia areagotu eta generoaren gaia landu behar direla. Erika Uranga kultur arduradunaren esanetan, hori izan da aurtengo gaia aukeratzeko arrazoi nagusia: “Herritarrek eskatutakoari jarraitu diogu”.

Horretaz gainera, Plateruena antzokiko berezko sorkuntza lanen edo zilarrezkoen oinarria partaidetza eta elkarlana direla gogoratu du. Gaiaren aukeraketagaz jarraituta, gaur egun “bolo-bolo” dabilela adierazi du Urangak. Durangaldean dantza tradizionalean sortu izan den zurrunbiloa ere izan da gaia aukeratzeko beste arrazoietako bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!