Elisabeth Luengo, arku-tiralaria: "Burua ondo badaukazu, gezia zuzen joango da"

Anboto 2015ko ots. 7a, 09:30

Injinerutzako master bat egiten dabil Santanderren (Espainia), eta handik bueltan etorri ostean batu da solasaldira. Maleta desegin arren, berehala egin beharko du berriro, Castellora (Herrialde Katalanak) joateko. Asteburuan Arku-tiroko Espainiako Txapelketa jokatuko du bertan, eta onenen artean geratzea da Elisabeth Luengoren helburua. Euskadiko selekzioagaz parte hartuko du. Prest ditu arkuak eta geziak.


Bizkaiko txapeldun, Euskadiko Ligan irabazle... Bolada onean zaude!
Bai, horrela esan daiteke. Bazen odua! [Barrez]. Bizkaiko Txapelketa abenduan izan zen, eta Euskadikora ezin izan nintzen joan, azterketengatik. Liga hiru egunetan jokatzen da, eta puntu gehien lortzen duenak irabazten du.

Baina aspalditik zabiltza maila onean...
Baina irabazten ez. Beti egin izan dut bigarren-edo. Ikasketak direla-eta txapelketa batzuetan ezin izan naiz egon, eta horrek ez du laguntzen.

Eta orain, asteburuan, Espainiako Txapelketan parte hartuko duzu.
Helburua lortu dut. Behintzat, joan egingo naiz, eta gero gerokoak. Ea lehenengo bosten artean geratzen naizen. Asko esatea da, baina... Lehenengo egun bietan bakarka ibiliko gara, eta azkenekoan taldeka, Euskadiko selekzioagaz. Hiru taldekide izango gara; bakoitzak gezi bi botako ditu, eta guztion jaurtiketak egiteko minutu bi edukiko ditugu. Azkartasuna baloratzen da. Bakarkakoa bestelakoa izaten da, hiru gezi botatzeko hiru minutu izaten dituzu eta.

Lehiaz gainera, esperientzia gisa ere interesgarria izango da, ezta?
Selekzioaren ekipazioagaz joateak motibatzen nau. Kuriositatea ere badaukat, adibidez, besteak zelan prestatzen diren jakiteko. Jendea ezagutu, elkarrekin egon... Hori ere polita izango da.

7 urtegaz hasi zinen kirol honetan. Zerk eraginda?
Durangoko taldekoek lehiaketa bat antolatzen zuten lehenago, Jai Alain. Babesleak behar zituzten, eta nire amaren ile apaindegira etorri ziren. Gero, laguntzeagatik eskertza lez, hilabeteko bonu bat erregalatu ziguten, probatzeko. “Ama, egin gura dut!”, esaten nion behin eta berriz, eta horrela hasi nintzen.

Eta arku-tiroak zer dauka geroztik kateatuta edukitzeko?
Ez duzu beste baten kontra lehiatzen. Zure marka hobetu, gero eta hobeto bota... Norbere lana da. Gainera, lasaitasuna ematen dizu, eta kontzentrazio gaitasuna garatzen duzu. Asko ikasten da arlo psikologiko horretan. Noski, indarra eta teknika beti landu behar dituzu. Baina burua ondo badaukazu, gezia zuzen joango da. Bestalde, ikasketetarako ere asko laguntzen du, edozein lekutan lortzen duzu kontzentrazioa.  

Eta punteria, berezkoa edo ikasitakoa da?
Bietatik esango nuke. Karabinetan-edo ibiliz gero, lagunek esaten didate nik abantaila daukadala [barrez], eta alde batetik, beharbada, horrela izan daiteke. Baina teknika badaukazu, punteriak ez dauka hainbesteko garrantzirik.

Zergatik diozu hori?
Guk ez dugu punteria lantzen, teknika baizik. Pausoak beti berdin egitea da teknika. Gorputzaren keinua, besoa eta burua non ipini... Entrenamenduetan asko lantzen dugu hori, behin eta berriro errepikatzen dugu. Azken finean, arkua fisika da. Beti indar eta jarrera berberak ipini behar dituzu, nahiz eta gauza batzuk ezin dituzun kontrolatu. Kontua da zuk berdin-berdin egon behar duzula, eta hori oso zaila da, noski.

Indarra ere beharko da, ezta?
Bai. Baina besoekin baino, bizkarragaz egiten duzu indarra.

Eta entrenamenduak zelakoak izaten dira?
Lehenengo beroketa egiten da, eta, gero, teknika lantzen dugu. Denboraldiaren hasieran fisikoa lantzen dugu batez ere, pisuekin, gomekin, flexioak egiten... Gero dianara jaurtitzen hasten gara.

Zenbat lagun zabiltzate Durangoko taldean?
Taldean 20 bat gabiltza, adin guztietako jendea da, gainera.Umeak, helduak eta jubilatzeko daudenak ere bai! Lastima da egun bat bakarrik edukitzea entrenatzeko, zapatua, eta ordu bi edukitzen ditugu. Batzuetan gimnasiora joaten gara, baina arkuagaz entrenatzeko egun bat gehiago beharrezkoa litzateke guretzat.

Intxaurrondon entrenatzen duzue, eskola zaharretan. Beste leku bat nahiko zenukete?
Bai. Ez dugu asko eskatzen. Hemezortzi metro karratuko leku itxi bat. Orain, aterpe barik gaude, euria zein elurra egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!