Laureano Jara eta Jimi Rojas aurrez aurre lehenengo bider kickboxing-ean

Anboto 2015ko ots. 2a, 12:51

Otsailaren 21ean, borroka arteen Durango Street KO jaialdia antolatuko dute Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Hainbat borrokaldi ikusi ahalko dira, baina nagusia, denek bertatik bertara jarraitu gura dutena, Laureano Lara berriztarraren eta Jimi Rojas durangarraren artekoa da.


Borroka arteen erreferente dira biak Durangaldean, 50 urte eginak dituzte, lagunak dira, eta lehiaketa ofizialetatik erretiratuta daude. Beraz, zelan sortu da borrokaldia? Biek komunean duten Christian Barreira durangarrak du errua: “Orain bost hilabete, elkarrekin geunden egun batean, bien arteko borrokaldi bat ikustea itzela izango litzatekeela esan nien, eta, ustekabean, ‘zergatik ez?’, esan zuten”. Harrezkero buru-belarri ibili da antolaketa lanetan Barreira. Izar bien arteko borrokaldiak badu beste berezitasun bat: jendaurrean sekula elkarren kontra borrokatu gabeak dira: “Orain 20 urte entrenamenduetan elkarren kontra ibiltzen ziren, baina jendaurreko borrokaldi batean sekula ere ez”. Kaiola batean eta kickboxing modalitatean neurtuko dituzte indarrak, minutu bi eta erdiko bi asaltotan.

Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta borrokaldi nagusiaren aurretik beste hainbat izango dira: K1 modalitatean, Aritz Abui-Gustavo Joao eta Unai Fernández-Wesley Berriozabal neurtuko dira, eta, MMA (Mixed Martial Arts) mailan, lau borrokalariren arteko kanporaketak egongo dira ikusgai: Giorgi Bazanov, Ángel Martínez (Abadiñon bizi da), Antxon Arias (Zornotza) eta Ignacio Capella.

Sarrerak salgai
Jaialdirako sarrerak honako salmenta gune hauetan erosi daitezke 12 euroan: Durangoko Sweet&Vicious, El Altar de Santa Apolonia, Karreto’s eta Kirol Errotan, Traña-Matienako Tipi Tapak tabernan eta Ermuko Tukos Fitness-en. Orain astebete hasi zuten sarreren salmenta, eta dagoeneko erdiak baino gehiago saldu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!