Maite Castro: "Kate muskularraren luzaketak dira K-Strech metodoaren funtsa"

Anboto 2015ko urt. 24a, 10:00

Maite Castro bilbotarra da jaiotzez, baina orain Durangon bizi da. Niereia terapia zentroan
K-Strech irakaslea da, eta pilates zein hipopresibo eskolak ere ematen ditu bertan.


Zertan datza K-Strech metodoa?
Kate muskularren luzaketak dira metodo honen funtsa. Jarrera berreziketa lantzen duen gimnasia da, eta horretarako K-Strech hamaka erabiltzen dugu. Hamakak mugitzen diren bi zati ditu, guk gure hankak eta enborra mugitu ahal izateko; horrela posile egiten du gorputzaren angelua ixtea edo zabaltzea. Kate muskularren luzaketak egiteko, hainbat ariketa posible daude K-Strech hamakaren gainean egin ahal izateko. Besoak lantzea ere posible da, hamakak besoak luzatzeko aukera ere ematen duelako. Gorputzaren askotariko jarrerak lantzen dituen gimnasia dela esan daiteke.

Noiztik da ezaguna metodo hau? Noiz heldu zen Euskal Herrira?
Irunen Kineesis zentroa dago, eta bertan Danilo Barziok egiten du lan, hamaka sortu zuenak. Bertan hiru urte daramatzate K-Strech hamakagaz lanean. Lehenango beste hamaka bat ere bazegoen mugitzen ziren bi planogaz, eta horrek hamaika urte inguru zeramatzan Euskal Herriko hainbat zentrotan; baina orain K-Strech hamaka erabiltzera pasatu dira.

Nori dago zuzenduta metodo hau?
Nahi duenarentzat izan daiteke egokia metodoa, edonor etzan daiteke K-Strecharen gainean; kirolariei, esaterako, errendimendua hobetuko die. Baina, gazteentzat ere aproposa da, ordu asko eserita dauden gazteentzat, adibidez, edo motxila liburuz beteta eramaten duten gazteentzat. 80 urteko jendea ere hurbiltzen da metodoa probatzera, mugikortasuna berreskuratzeko asmoz. Haurdun dauden emakumeentzat ere oso ariketa onak eskaintzen ditu, baita umea izan eta gerorako ere, umea besoetan edukitzea karga handia delako.

Nola ezagutu zenuen metodo hau?
Bost urte daramatzat kate muskularren luzaketekin. Elgoibarren ezagutu nuen K-Strech metodoa. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta bertan prestatzea otu zitzaidan. Horretarako Irunera joan nintzen, Danilo Barziorengana.

Urtarrilean hasi zinen durangoko Niereia zentroan metodo hau lantzen. Nolakoak izan ziren hasierako orientazio eskolak?
Urtarrilaren 7an ateak irekitzeko eguna antolatu genuen, eta bertara etorri zen Danilo Barzio. Hitzaldi bat eman zuen, eta jende dezente bildu ginen zentroan. Gainera, Barzio oso komunikatzaile ona da, eta jendea oso gustura egon zen. Ondoren, egunean bertan doako eskolak eman genituen, eta bertatik lau talde atera ditugu.

Zuk bakarrik ematen dituzu K-Strech eskolak Niereian?
Bai, nik ematen ditut. Gainera, pilates eta hipopresibo saioak ere eskaintzen ditut egoitzan bertan. Eta Chi-Kung saioak ere eskaintzen ditugu, baina hori beste neska batek ematen du.

Badago inguruko herrietan K-Strech hamaka erabiltzen duen beste zentrorik?
Hurbilena Eibarren dago, hamaika urte daramatza lanean, eta hor ere K-Strech metodoa erabiltzen dute.

Zer-nolako erantzuna izan du Durangon metodoak?
Oso harrera ona izan du. Lehen esan bezala, proposatutako lau taldeak osatu ditugu, eta beste bat zabaltzeko asmoagaz gabiltza. Jendea oso interesatuta dago, eta lehenengo egunetik sentitzen du hobekuntzaren  bat. Jendea oso pozik dago metodo honegaz, eta gu are pozago gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!