Favresse anaiek eta Sean Villanuevak abentura eta musika ekarriko dituzte gaur Plateruenera

Anboto 2015ko urt. 16a, 11:13
Nicolás eta Olivier Favresse anaiak

Mendiak Hurbilduz jaialdia ospatuko dute gaur Plateruena Kafe Antzokian.

Nicolás eta Olivier Favresse anaiek eta Sean Villanueva belgikarrek parte hartuko dute, gaur, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian ospatuko den Mendiak Hurbilduz jaialdian. Mendi arloan ezagunak dira, besteak beste, 2011n Urrezko Pioleta saria jaso zutelako, Groenlandian egindako espedizioarengatik. Baina bestela ere ezagun egin ziren 2013an, Vodafone enpresaren iragarki bateko protagonista izan zirelako. Iragarkian Don’t worry, be happy abestia kantatzen zuten mendian, horma batetik eskegita, behean sakonera handia eta lainoak zituztela. Iragarkiak ondo batzen zituen taldearen ezaugarriak: alaitasuna, abentura eta musika. Izan ere, mendira musika tresnak eroateko ohitura dute, euren argazki eta bideoetan erakusten duten legez.

Gaur, Groenlandiako pasadizoak kontatuko dituzte Plateruenean, eta, ostean, kontzertua eskainiko dute, gainera.

Durangaldeko lagun-talde batek antolatzen duen Mendiak Hurbilduz jaialdiaren hirugarren edizioa da aurtengoa. 19:00etan hasiko da, eta belgikarren aurretik beste saio bi ere egongo dira. Lehenengo, jaialdiaren harira landu duten film laburren lehiaketako lan finalistak proiektatuko dituzte, eta, gero, sarituak zeintzuk izan diren esango dute.

Atxarteko bizipenak

Bestetik, Atxarte Bizirik taldeko kideak gonbidatu dituzte jaialdira. Aurten 25 urte beteko dira Atxarteko harrobia itxi zenetik, eta, horregatik, gertaera hura gogoratzeko, hainbat ekitaldi prestatzen dabiltza ekainerako. Efemeridea kontuan hartuta hartuko dute parte Atxarte Bizirik taldeko kideek Plateruenean, eta Atxarten bizitako borroka ekarriko dute akordura, argazki eta guzti.

 

Hau da Favresse anaien anuntzioa:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!