3.300 euro batu dituzte Sanfilippo gaitza ikertzeko

Anboto 2015ko urt. 12a, 12:25

Gabonetan areto futboleko maratoi solidarioa burutu zuten Ezkurdi taldeak antolatuta. Ekimenean 3.300 euro batu zituzten, eta Stop Sanfilippo elkarteari eman dizkiote gaur.

Naiara Garcia de Andoin Stop Sanfilippo elkarteko kideak jasotako laguntza eskertu die ekimenaren antolatzaileei. Adierazi du plazera eta ohorea dela eurentzat, eta aurrera begiratzeko animoa ematen diela: "Pilak kargatzen dizkigu". Durangon 3.300 euro batu dituzte, eta Euskal Herri osoa kontuan hartuta, 1,8 milioi euro inguru dauzkate bilduta dagoeneko. Gaitza ikertzen hasteko 3 milioi euro behar dituzte, eta baikor agertu da Garcia de Andoin: "Oso gertu gaude. Hasierako tunel iluna argitzen hasi da".

Ezkurdiko Kevin Doylek partaideen eta ikusleen ekarpena eskertu du. Esan du Landako kiroldegia jendez lepo egon zela maratoian, eta jendeak errifa ugari erosi zituela. "Durangaldea solidarioa" dela erakusten du horrek Doylen ustetan. Duela zenbait urte egiten zen futbito maratoia berreskuratu dute Ezkurdikoek: "Lehenagoko maratoi mitikoa berreskuratu dugu, baina helburu on bategaz. Sufritzen duen jendeari laguntzea da onena".

Aitziber Irigoras alkateak egin ditu dohaintza ekitaldiko anfitrioi lanak, eta antolatzaile zein partaideei eskerrak eman dizkie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!