Triatloiaren teknifikazio egitasmoan sartzeko lehen pausua Durangon

Anboto 2015ko urt. 9a, 11:16
2014ko Denbora Hartze saio bat (Argazkia: Triatloi.org)

Urtarrilaren 24an 1996 eta 2000 urteen artean jaiotako triatloilarientzat probak egingo dituzte Durangon.

Espainiako Triatloi Federazioak talentu gazteak detektatzeko ‘Denbora Hartzeak’ izeneko probak bideratzen ditu. 1996 eta 2000 urteen artean jaiotako (urte biak barne) gazteei bideratuta dago. Lizentziarik ez dutenek ere parte hartu dezakete hiru euro ordaindu eta eguneko asegurua egiten badute. Tokian tokiko probak eginda, kadete eta gazte mailako triatloilarien estatu mailako sailkapena edo mapa osatzen dute eta horietako batzuei Teknifikazio Programa Nazionalean sartzeko aukera eskaintzen diete; programa horretara sartzeko aukera izateko lehen pausua da.

Denbora Hartze proba bat Durangon izango da urtarrilaren 24ko larunbatean. Euskadiko Triatloi Federazioaren bidez, Mugarra Triatloi Taldea arduratuko da antolaketa lanetaz. Kadeteek (1999-2000), gazteek (1996-1997) eta adin denetako paratriatletek parte hartu dezakete. 

Izen-ematea egiteko azken eguna urtarrilaren 22a da honako e-mailean: direcciontecnica@triatlon.org. Honako datu hauek zehaztu behar dira izen-ematea egiterakoan: izen-abizenak, kluba, jaiotze data, NAN zenbakia eta klubeko teknikaria.

Korrika eta igeri

Denbora Hartzeak zati bi izango ditu: goizean igeriketa saioak eta arratsaldean korrikakoak. Igeriketa probak 09:00etan hasiko dira Landako kiroldegiko igerilekuan; 100 eta 1.000 metro libretan arituko dira. Korrika probak 15:00etan hasiko dira Durangoko atletismo pistan; 400 eta 1.000 metrotako saioak izango dira.

Paratriatletentzako distantziak, aldiz, hauek dira: 500 metro igeri eta 1000 korrika.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!