Areto-futbol txapelketa solidarioa antolatu du Ezkurdi futbol taldeak Gabonetarako

Anboto 2014ko abe. 23a, 09:00

Ezkurdi futbol taldeko jokalariak, elkartasun txapelketako antolatzaileak.

Urte osoan hainbat laguntza keinu ikusi ditzakegun arren, Gabonetan indartu egiten da elkartasun ekimena. Arazo ekonomikoak dauzkatenentzako janari bilketak, Saharako errefuxiatuentzako produktuak, ezohiko gaixotasunen ikerketei bultzada emateko ekintzak... Hari horri jarraituta, Sanfilippo gaitza duten umeen aldeko areto-futbol txapelketa antolatu du Ezkurdi futbol taldeak, eta abenduaren 28tik 30era bitartean garatuko da.


Hamabi talde lehian
Landako kiroldegian jokatuko da txapelketa, eta hamabi taldek parte hartuko dutela aurreikusi dute antolatzaileek. Lau talde federatuak izango dira, eta gainerako zortziak federatu bakoak. Bi sektore horietako onenek jokatuko dute finala abenduaren 30ean. Futbolzaleei txapelketan parte hartzeko dei egin diete Ezkurdikoek; hilaren 28an, 09:00etatik 14:00etara eman ahalko dute izena, eta taldeetan hamar jokalari egon ahalko dira gehienez. 17:00etatik 20:00etara jokatuko dira partiduak.

Stop Sanfilippo fundazioa
Parte hartuko duen talde bakoitzak 100 euro ipini beharko ditu inskripzioan, eta jasotako diru guztia Stop Sanfilippo fundazioari emango diote. Horretaz gainera, beste opari batzuk ere zozkatuko dituzte partidu egunetan, eta hori ere fundazioari laguntzeko erabiliko dute. Opari zerrenda luzea daukate: Athleticeko Oscar de Marcos jokalariaren Txapeldunen Ligako kamiseta, Athletic-Elx neurketarako sarrera bi, Real Madril taldeko Pepe jokalariak sinatutako zapatillak, Eibarko Eneko Bovedaren kamiseta, Pablo Berasaluze pilotariaren kamiseta, kirol arropa loteak, kafeterak,  dendetan gastatzeko bonuak eta izotz pistarako txartelak. Opari horien zozketan parte hartzeko errifak Durangoko hainbat taberna eta komertziotan ipiniko dituzte.

Bestalde, antolatzaileek kontu korronte bat zabaldu dute Kutxabanken, parte hartu ez arren, ekimenari lagundu gura diotenei aukera emateko.

Hilaren 29an eta 30ean, areto futbolagaz eta elkartasunagaz zita dago Durangoko Landakon.  Kirolaz gozatuta, Sanfilippo gaitzaren kontrako ikerketa bultzatzeko aukera egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!