Gimnasia erritmikoan dabiltzan 100 gaztetxok erakustaldiak eskainiko dituzte zapatuan

Anboto 2014ko abenduaren 12a

Landako kiroldegian antolatzen dute urtero-urtero gaztetxoen gimnasia erritmikoa oinarri duen jaialdia.

Gimnasia erritmikoan lehenengo pausoak ematen dabiltzan 6 eta 8 urte arteko 100 gaztetxo baino gehiagoren erakustaldia ikusi ahalko da bihar, 11:00etatik aurrera, Landako kiroldegian. Uztai taldeak antolatu du ekimena. Durangoko taldeaz gainera, Bizkaiko beste sei taldetako gaztetxoak gonbidatu dituzte, Bilboko Jesuitak eta Leioako Irlandesas ikastetxeetakoak, eta Bermeo-Gernikako Xixili taldekoak, esaterako.


Gaztetxo askok lehenengoz eskainiko dute euren ikuskizuna jendaurrean: “Ilusio handia egiten die, eta hori da helburua: ondo igaro dezatela euren lanaren emaitza jendaurrean erakutsita”, adierazi du Uztai taldeko Miren Barturenek.

Gaztetxoentzat sorpresaren bat egongo dela iragarri du Barturenek, baina, jakina, sorpresak sorpresa dira, eta bihar arte itxaron beharko dute.

Landakon batuko diren gaztetxoetako asko, 50 inguru, Uztai taldekoak izango dira. Adin guztietako gimnastak kontuan hartuz gero, 140 inguru dabiltza, gaur egun, Uztain. Azken urteetan kopurua mantentzen dabiltzala adierazi du Barturenek, baina, arrazoi bategatik edo besteagatik, umeak gero eta beranduago hasten direla.

Euskalgym-a atzeratuta
Normalean, urte sasoi honetan, azaro amaieran edo abendu hasieran, Euskalgym jaialdia antolatzen dute; Euskal Herriko hainbat talde zein nazioarteko goi mailako bi-hiru gimnasta gonbidatzen dituzte urtero. Aurten ekitaldi hori atzeratzea erabaki dute. Alde batetik, ekitaldia behar den moduan antolatzeko denbora behar dute. Bestetik, Durangoko Euskalgymari ikuspegi berri bat eman gura diote; normalean, gonbidatzen dituzten goi mailako gimnastak erakustaldiak eskaintzera mugatzen dira. Aurrerantzean gonbidatu bereziei ahalik etekinik handiena ateratzea da asmoa, gaztetxoekin modu batera edo bestera hartu-emanetan ipinita: entrenamenduren bat elkarrekin eginda, adibidez. Aurten ezingo dute ekitaldia antolatu, baina 2015ean formatu eraberrituagaz itzuliko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!