Komunik barik eta sarbide labainkorragaz. Egoera berean jarraitzen du tren geltokiak. 2012ko abenduan inauguratu eta lasterrera, hainbat erabiltzaile kexatu egin ziren komun faltagatik eta sarbideko eskailerengatik. Kexei erantzun zien Ana Isabel Oregi Lurralde Politika sailburuak: “Uste dugu komunak 2013ko udan egongo direla erabilgarri, eta geltokiko mendebaldeko sarbidea ere orduan zabalduko da”. Baina egindako aurreikuspena ez da bete.
Komunak momentu honetan eraikitzen dabiltzan merkatalgunean egongo dira. Baina, komertziorako eremu horren zabalpena mendebaldeko sarbide nagusia izango denak baldintzatzen du. Horrela adierazi du merkatalguneko obretan dabilen Murias enpresako arduradun batek: “Gure lanak egiten ari gara barruan, baina kanpokoak ez dira hasi”. Geltoki zaharra bota, eta ingurua urbanizatu beharko du Eusko Trenbide Sareak sarbidea egiteko. Muriaseko arduradunak esan du euren asmoa 2014ko udarako prest egotea dela, baina baldintza horregatik ez dela segurua: “Epemuga ez da oso argia”.
ETSko ordezkariek aitortu dute oraindik denbora asko falta dela sarbide berria egiteko, eta hori ez dute uste urtebete baino lehen gertatuko denik. Estalita egongo da, eta ohiko eskailerak, eskailera mekanikoak eta igogailua edukiko ditu.
Obretan aurrerapausoak etorri bitartean, tren erabiltzaileek ezingo dute geltokian komunera joan, eta bertara bajatzeko aterperik gabeko eskailera inklinatua erabili beharko dute, euriagaz labainkor bihurtzen dena.
Aparkalekua ia hutsik egoten da egunero
Trenera doazenek ez dute aparkalekua erabiltzen
Tren geltoki berriagaz batera 350 bat autorentzako lekua daukan aparkalekua eraiki zuten lurpean, eta iazko uztailean zabaldu zuten. Momentuz ez du jende askok erabiltzen, ia hutsik egoten da egunero. “Zortzi-hamar bat auto bakarrik sartzen dira eguneko”, berretsi du Murias enpresako arduradunak. Merkatalguneaz gainera, aparkalekua eraikitzeko ardura ere eduki du enpresa horrek.
Alluitz kaletik dauka sarrera aparkalekuak. 350 leku horietatik 96 tren erabiltzaileentzat dira espresuki, eta 0,80 euro ordaindu behar dute. Zerbitzu horregaz, herritarrei trena erabiltzeko erraztasuna eman gura diete. Bestalde, aparkatzeko gainerako lekuekin zerbitzu orokorra ematen dute, eta orduko 1,20 euro kobratzen dute autoa uzteagatik.
Trenera doazenek, beraz, ez dute aparkalekua erabiltzen. Baina hutsik egotearen arrazoia geltokiaren egoeran topatu du Muriaseko arduradunak. Bere ustez, aparkalekua eta eraikitzeko prozesuan dagoen merkatalgunea “oso erlazionatuta” daude: “Dendak zabalik daudenean beste mugimendu bat hasiko da”. Oraingoz, aparkalekuak ez daukala funtzio handirik uste du: “Ez du askorako balio momentu honetan”.