Zabaldu dute aterpe zerbitzua Errota ostatuan, etxerik barik daudenek gaua pasatzeko

Anboto 2014ko abe. 2a, 09:10
Ibaizabal ikastolaren atzealdean, Tabiran, dago Errotagaña ostatua.

Atzo hasi ziren zerbitzua ematen, eta martxoaren 31ra arte, lo lekua, garbitasun zerbitzua, gosaria eta afaria eskeintzen dute. Aterpeak hamar pertsonentzako lekua dauka, eta Amankomunazgoko gizarte langileek erabakitzen dute nori eman aterpean lo egiteko txartela. 

Hirugarren urtez zabaldu dute aterpea Errota ostatuan. Amankomunazgoan sortutako ekimena da zerbitzua: "Helburua neguko eguraldiari aurre egiteko nora joan ez daukaten pertsonei lo egiteko leku bat eskeintzea da", adierazi du, ohar bidez, Oskar Zarrabetitia Amankomunazgoko presidenteak.

Iaz 101 pertsona atenditu zituzten ostatuan, eta duela urte bi, 79. Aterpeak hamar pertsonentzako lekua dauka, eta gehienez, hiru gau igaro ditzake pertsona bakoitzak. Gizarte langileek, hala ere, egoeraren arabera baloratu dezakete gau gehiago igarotzea beharrezkoa baden.

Eguraldi txarraren eraginez, alerta horia, laranja edo gorria egoten bada, eskaera egin duten pertsona guztiei ematen diete aterpera sartzeko baimena, lekuak bete arte.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!