Etxebakoentzako aterpea, neguko eguraldi hotzari aurre egiteko babesleku

Anboto 2014ko urt. 17a, 14:22

Tabirako Errotagaina aterpetxea etxebakoentzako babesleku da neguan. Eguraldi hotz eta hezearen etorreragaz kalean bizi direnen baldintzek okerrera egiten dute, eta Amankomunazgoak eskaintzen duen zerbitzua lagungarri zaie. Lo egiteko lekua, dutxa, afaria eta gosaria ematen dizkiete. Zerbitzua garatzeko 18.000 euroko aurrekontua gorde du Amankomunazgoak aurten, eta diru horrekin Errotagaina aterpetxeko gela bat alokatu du hamar etxebakorentzat.

 

Zerbitzuak bi eratako erabiltzaileak dauzkala azaldu du Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak. Alde batetik, hara eta hona bizileku finkorik barik dabiltzanak, beste norabaitera bidean Durangaldea zeharkatu behar dutenak. Eta, bestetik, Durangaldean bertan bizi direnak, txaboletan edo elizpeetan, esaterako. Aterpetxean hiru gau jarraian pasatzeko aukera daukate etxebakoek, eta horretarako udaltzaingoan edo Gizarte Zerbitzuetan egin behar dute eskaria. Durangaldean bizi direnen kasuan, Gizarte Zerbitzuetako teknikariek euren egoera aztertzen dute, eta beste zainketarik behar duten edo ez ikusten dute. Hori gertatzen da gaixorik daudenekin, adibidez. Kasu batzuetan negu osorako baimena ere jaso dezakete.

Aterpetxera heltzean dutxatzeko aukera daukate. Afaltzeko salda edo zerbait beroa edukitzen dute normalean, eta, gaua pasa ostean, kafesnea ematen diete gosaltzeko.

18.000 euroko aurrekontua

Duela bospasei urte Durangoko Udalak sortu zuen zerbitzua. Baina iaz Amankomunazgoak hartu zuen bere gain, gainontzeko herriekin eskaintza bateratzeko asmoz. Beraz, inguruko herrietan laguntza bila dabiltzan etxebakoak ere bertara bideratzen dituzte, egoerak hala eskatuz gero behintzat. Baina gehienak Durangon agertzen dira, eta udaltzainek hartzen dituzte asko.

 

Martxoaren 31ra arte

Joan zen azaroan zabaldu zuten zerbitzua, eta Amankomunazgokoek iragarri dute zerbitzua datorren martxoaren 31ra arte eskainiko dutela. Amaitu bitartean ez dute erabiltzaile kopuruaren berri emango, baina hotz handiak etorri arte ez da kopurua oso altua izango. Izan ere, eguraldi gogorretara itxaroten dute askok, euren txokoa utzi eta zerbitzua aprobetxatzeko. 

Iaz, 79 izan ziren neguko hotzari aurre egiteko aterpetxearen zerbitzua babesleku lez erabili zutenak. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!