Zelaiaren egoera hobetzeko neurriak eskatu ditu Durangoko Kulturalak

Anboto 2014ko aza. 18a, 10:48

Tabirako futbol zelaiaren egoeragaz kexu dago Durangoko Kulturala futbol kluba. Belar artifizialeko sorokila gastatu egin da urte askotako erabileraren ondorioz, eta aldatzea beharrezkotzat jotzen dute. Udalean hainbat bider egin dute eskaera, baina, aurrekontu faltagatik, oraingoz ez dute aldatu.


Tabirako futbol zelaiari belar artifizial berria ipini  ziotenetik 10 urte joan dira. Denbora honetan guztian urteko 35.200 lagunen joan-etorriak (Kultural eta Ezkurdi taldeetako jokalariak, esaterako) jasan ditu.

Gaur egun, zelaian sortzen den arazo nagusia da ez duela ura iragazteko ahalmen nahikorik. Urteen poderioz, zelaia gastatu egin da; hasieran bost-sei zentimetroko lodiera zuen eta gaur egun zentimetro batekoa, Fernan Bilbao Kulturaleko presidentearen esanetan. “Euria egiten duenean, zelaiak ez du  ura iragazteko ahalmen nahikorik eta goian geratzen da”, azaldu du. Arazoa bistaratzeko, ordea, ez dago euriari itxaron beharrik; baloia hobetu mugitu dadin zelaia busten dutenean ere ura gainealdean geratzen da. Kulturaleko zuzendaritzak hainbat batzar izan ditu udal ordezkariekin, baina urtea amaitu aurretik berriro batzeko eskaera egin dute.

Durangoko kirol arloko zinegotzi Ander Gorrotxategiren esanetan “aurrekontu falta” da oraingoz zelaiko belar artifiziala ez aldatzeko arrazoi nagusia: “Joan zen denboraldi amaieran egiteko asmoa genuen, baina azkenean ezin izan zen aurrekontu faltagatik. Egin nahi dugun lana da, baina nahi dugunean barik ahal dugunean egin behar dugu”. Denboraldi honen amaieran, futbol zelaia libre dagoenean, “zelai berria jartzea da gure intentzioa”, adierazi du Gorrotxategik, baina ezin du ezer segurtatu: “Aurrekontuaren baitan dago”.

Zelai nagusiaren ondoan, futbol 7rako beste bat dago. Bertan aritzen diren  gazte denentzako aldageletan toki nahikorik ez dagoela dio Bilbaok: “Aldagelak saturatu egiten dira, overbooking-a dago”. Irtenbide lez, Tabirako kiroldegiko aldagelak egokitu eta gazte batzuk bertara bideratzea proposatzen du. Zelai hori egin zenean klubari berau diseinatzeko aholkurik eskatu ez izan ere kritikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!