Gure etxean bezain gustora sentitu ginen eguazten iluntzean Plateruenan bildu ginenak, bai Kokein taldea bera, eta baita bertara hurbildu ginenak. Rocka da Debabarrenako taldearen habitat naturala, “Akustikoa abestiak biluzteko asko gustatu zaigu beti, baina rockera jo dugu, hori da gehien gustatzen zaiguna”.
Saioa mimoz prestatu zuten; hasi Foo Fighters taldearen Dear Rosemaryrekin eta NIN taldearen Hurt kantaren Johnny Cash-ek egindako bertsio ederra taularatuta. Sentimenduz blaitu zuten eszenatokia; diren moduan agertuta, “Gu lagunak gara. Eztabaida, kaña eta distortsio puntu horrekin danekin bosteko matrimonio bat, bostok eduki dugun harremanik luzeena baita Kokein”. Eta nabari da, begiradak, benetako sentsazio eta momentuak ez dira eurek bilatzen duten esentziaren parte soilik, horixe da transmititzen dutena, elektrizitatea.
Bosgarren lanaren sortze prozesuan murgilduta dabiltza, asteroko lokaleko lanean, dezibelio askoko gaueko entsegutan. “Asko gustatzen zaigu sortze lan hori lokalean, momentuan eta elkarrekin egitea”. Abestiak riff, gitarra, erritmo batetik hasten dituzte eta egunean bertan helmugara heltzen saiatzen dira.
Erromantikoak eta analogikoak direla aitortu zuten, “kasetaren garaikoak”, baina, azken diskotik creative commons lizentziaren alde egin dute, “jendeak entzun gaitzala” helburu. Iraultza digitalera egokitu diren arren, nostalgiaz diote: “Musikak orain ez dauka euskarririk, horregatik, biniloarekin errekuperatzen du pisu hori berriz eta guri ilusio berezia egin digu biniloak”.
Euren Berrehun gezur kanta Leteren ahotsean aurkeztu zuten eta Elkar badugu abestiarekin amaitu, elkarrekin batera egiten diren gauzak zenbat disfrutatzen diren ospatuz. Topa zeuen alde!