Dabid Garcia 11. sailkatu da Behobia-Donostian

Anboto 2014ko aza. 10a, 11:02
Dabid Garcia Behobia-Donostia lasterketan (Argazkia: Baxurde Txiki Triatloi Taldea)

Zazpi segundogatik ez da geratu hamar onenen artean

Dabid Garcia durangarrak 11. amaitu zuen atzo Behobia-Donostia lasterketaren 50. aldia. Ausart irten zen: “Gaur arriskatzeko eguna zen. Aurreko taldean irten naiz, erritmo biziagaz”.  Lehen kilometroa 2.55eko denboran osatu zuen, baina berehala ohartu zen ezingo zuela erritmo hori luzaroan mantendu: “Niretzako gehiegi zela konturatu naiz lau edo bosgarren kilometroan. Hanka jaso eta atzean geratzea erabaki dut”, adierazi du sare sozialetan. Hurrengo 12 kilometroak bakarrik egin zituen eta erritmo egonkor bat mantentzen saiatu zen: “Zirkuitu berrian sufritu egin dut, gogorragoa da, baina Errenteriako tartea sinestezina izan da. Aldaketak merezi izan du, duda barik”. Helmuga zeharkatzean 1.06.26 izan zen bere denbora. Ander Sagarazazu bera baino zazpi segundo lehenago heldu zen. Datorren urtean Behobia-Donostia bere lehentasuna izango dela aurreratu du Garciak.

Lasterketa Jose Carlos Hernández kanariarrak eta Vanessa Veiga galiziarrak irabazi zuten. Guztira 30.000 parte hartzaile batu zituen lasterketak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!