Eneko Diez brontzezko dominaren atarian geratu da

Anboto 2014ko aza. 7a, 08:23
Ezkerretik eskumara: M.Muñoz, M.Bazan, E.Diez, I.Salas, J.M.Beltran, D.Grigore, I.Perez, M.Carretas eta E.Carballo

Durango Judo Taldeak kadete mailako zazpi judokagaz parte hartu zuen Avilés herriko (Astrurias) txapelketan eta Eneko Diez brontzea lortzeko zorian izan zen.

Denboraldi berria hasteko, Durango Judo Taldeak Aviléseko XIV. Superkopan parte hartu zuen kadete mailako zazpi judokagaz joan zen asteburuan. Ez zuten dominarik lortu, baina oso ondo aritu ziren txapelketak maila oso altua zuela kontuan hartuta. Eneko Diez brontzearen atarian geratu zen, ehun parte hartzailetik gora zituen mailan. Kanporatua izan aurretik, Portugal, Galizia eta Gaztela-Mantxako ordezkari banaren kontrako lehiak irabazi zituen. Maria Bazanek estreinaldia zuen 57 kilora arteko mailan eta lehen txanda gainditzea lortu zuen; bigarrenean kanporatu zuten.

Laster Bizkaiko Txapelketa hasiko dute apirilera bitartean eta Amurrio, Hondarribia, Iruñea eta Burgosen probak lehiatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!